"Herrian kontsumitzearen garrantziaz" kontzientzia pizten ari da Ibai-arte

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 25a, 08:01
Altuna lurrindegian, bezero bati txokolate-kakahuete poltsa banatzen. 60 komertziok egin dute ekimenarekin bat.

Black Friday-ri aurre egin eta tokiko merkataritzan kontsumitzeko kontzientziazioa sustatzeko asmoz, Ibai-arteko establezimenduak txokolate-kakahuete poltsak banatzen ari dira egunotan, Harreman gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean.

Ibai-arte merkatarien elkarteak hirugarrenez antolatu du aurten Black Arrasate ekimena eta aurreko bi edizioetan txokolate tabletak banatu dituzten moduan, aurten txokolate-kakahuete poltsak banatzen ari dira aste osoan zehar, 3.500 poltsa, zehazki. "Hasiera batean 3.000 ziren, baina eskaera asko izan ditugu", adierazi du Jon Apraiz Ibai-arteko kideak. Ekimenaren helburua da herritarrek tokiko merkataritzaren aldeko hautua egitea eta bidezko merkataritzaren aldeko kontzientzia piztea.

3.500 bat poltsa banatuko dituzte guztira.

Tokiko dendetan erosketak egiteak zergak herrian geratzea dakarrela dio Apraizek, eta, horrenbestez, eskualdeko ekonomia indartu eta udalerrian enplegu gehiago sortzen direla. "Erosketa-esperientzia bi aldiz hobea da herriko komertzioetan kontsumituta, ez bakarrik arreta pertsonalizatuagoa izango delako; bi aldeek lortutako onura guztiak etxean geratzen direlako ere bai. Gainera, klima-aldaketaren aurka ere egiten da modu horretan, herrian bertan erostea iraunkorragoa baita, karbono-aztarna txikiagoa delako", nabarmendu du.

Bidezko merkataritzaren alde

Banatzen ari diren txokolatez-kakahuete horiek bidezko merkataritzakoak dira. Izan ere, Ibai-artek Harreman gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean dihardu, bidezko merkataritzan sentsibilizatzeko. Hori dela eta, eskertuta azaldu dira Harremaneko kideak: "Izugarri eskertzen dugu Ibai-artek ematen digun laguntza keinu horren bidez, produktuen jatorria ikusarazten eta hornitzaileari onura justuagoa eta bidezkoagoa bermatzen laguntzen baitie".

'Black Friday', etsai nagusia

Apraizen esanetan, komertzio txikiek izan dezaketen "gauzarik okerrena" da Black Friday, etsai nagusia: "Justu gure kontrako norabidean doa, etxetik kontsumitzera bideratzen dituelako herritarrak. Gure apustua, hain justu, bertan erostearen aldekoa da; lasai erosi, eroso erosi, eta kaleak bizirik mantendu".

Kultura, erreminta gisa

Black Friday-ren aurkako bide hori lantzeko, kultura ere erabili ohi du Ibai-artek, eta aurten ere hala izango da. Bihar, zapatua, Arrasateko eta Gasteizko Big Banden jaialdian ere banatuko dituzte poltsak eta, era berean, herritarrei borondatea ere eskatuko diete, Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak