Ibai-artek bidezko merkataritzako 3.000 txokolate-kakahuete poltsatxo banatuko ditu

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 21a, 12:24

GKEekin elkarlanean antolatutako  Black Arrasate ekimenak herrian bertan egiten diren erosketen eta bidezko merkataritzaren alde egiteko helburua du. Ibai-arteko ordezkariek diote erosketak Arrasaten bertan eginez gero bezeroaren erosketa-esperientzia bi aldiz aberasgarriagoa izango dela, eta, orain, txokolate-kakahuete poltsatxoekin gozotasun puntua eman nahi diete erosketei. Bestetik, kontsumo iraunkorraren alde ere egin nahi dute, eta herrian erosketak egitea sustatu.

Beste behin, Ibai-artek Arrasaten bertan egiten diren erosketen alde egin du, txikizkako merkataritzari laguntzeko asmoarekin. Tokiko dendetan erosketak egiteak zergak herrian geratzea dakarrela diote, eta, horrenbestez, eskualdeko ekonomia indartu eta udalerrian enplegu gehiago sortzen direla. Ibai-arteren ustez, beraz, erosketa-esperientzia bi aldiz hobea da, ez bakarrik arreta pertsonalizatuagoa izango delako; bi aldeek lortutako onura guztiak etxean geratzen direlako ere bai. Gainera, klima-aldaketaren aurka ere egiten da, herrian bertan erostea iraunkorragoa baita, karbono-aztarna txikiagoa delako.

Arrasaten erosteak sari gozoa izango du

Black Friday garaian Arrasateko saltokietan erosketak egiteak saria izango du. Herriko dendetan egiten den erosketa bakoitzak bidezko merkataritzako txokolate-kakahuete poltsatxo bat jasoko du; horrela, erosketa esperientzia gozoagoa izango dute bezeroek.

Hirugarren urtez beteko du Ibai-artek Arrasateko GKEekin elkartasun-ekintza hau, herrialde behartsuenei laguntzeko konpromisoa baitaukate bi elkarteek. 3.000 txokolate-kakahuete poltsatxoak doan banatuko dituzte bezeroen artean. Egun hauetan, transakzio ekonomiko hori gozoki batekin amaitzea nahi dute, eta, aldi berean, Harreman GKErekin elkarlanean dihardute bidezko merkataritzan sentsibilizatzeko. Harreman GKEk izugarri eskertzen du Ibai-artek ematen dion ekarpena keinu horren bidez, produktuen jatorria ikusarazten eta hornitzaileari onura justuagoa eta bidezkoagoa bermatzen laguntzen baitie.

Zapatuan, bi big band Herriko Plazan

Bestetik, kanpaina bukatu eta Fair Saturday ekimenarekin bat egiteko, azaroaren 26an, 12:30ean, Herriko Plazan, bi big band izango dira: Gasteizko Big Banda eta Arrasate Musikaleko Big Banda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak