Hileko hirugarren zapatua izanik, bertako produktuen azoka egin dute gaur Arrasaten eta betan, babarrunak izan dira protagonista. "Saiatzen gara hilero sasoiko produktu bat promozionatzen, eta azaroa babarrunen eta azaren hilabetea denez, babarrunak aukeratu ditugu", azaldu du Arrasateko Udaleko Garapen Iraunkorreko teknikari Nerea Lazpiurrek.
Guztira Joseba Adana nekazari arabarraren zortzi kilo babarrun prestatu dituzte nahi izan duenari doan emateko. "Aurtengo uztako babarrunak dira, babarrun gorri arabarrak. Iaz ez, beroa egin zuelako, baina gaurkoa moduko goiz baterako aproposa da oso", azaldu du Adanak. Eta herritarrek eskertu dute, hainbat eta hainbat izan baitira goiz euritsu eta hotzari aurre egiteko babarrunak jan dituztenak; batzuek, pipermin eta guzti.
Abenduan Santamasak direla eta, gaurkoa izan da 2022ko bertako produktuen azken azoka. Nerea Lazpiurrek urteak emandakoaren balorazio positiboa egin du: "Aurten eguraldi ona izan dugu egin dugun guztietan, eta salmentak ere onak izan dira. Gainera, saiatzen gara gaurkoa moduko ekintza bereziek egiten, eta horiek ere laguntzen dute."