Oinherri: "Haur eta nerabeen eskubideak 365 egunez aldarrikatu behar dira"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 20a, 08:41

Txatxilipurdiren udalekuak, aurten, Seber Altube plazan.

Gaur, azaroak 20, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta Oinherrik adierazpen bat kaleratu du, garbi utziz ez dutela egun bakarreko aldarrikapenean geratu nahi, "eskubideak bizitza osasuntsu baterako ezinbesteko oinarriak direlako". Egun, hamalau eragilek osatzen dute herri hezitzaileak sustatzeko helburua duen Oinherri elkartea, tartean, Txatxilipurdi Elkarteak.

Haur eta nerabeen eskubideak 365 egunez espazio ezberdinetan aldarrikatu behar direla uste du Oinherri: "Etxean, kalean, udalean, eskolan, ludotekan… bada lana! Horretaz jakitun izanda, bide luzea dugu oraindik, ez baita erraza hainbat egoeratan eskubide horietaz ohartaraztea. Esaterako, gaur egun haur eta nerabeentzat egiten dira gauzak eta ez hainbeste haur eta nerabeekin", nabarmendu dute.

Halaber, haur eta nerabeak "eskubidedun subjektu gisa" aitortzeko begirada aldatu beharra dagoela azaldu dute, Jesper Juul terapeuta daniarraren hitzak adibidetzat jarrita: "Orain badakigu subjektu-subjektu moduan izaten diren harremanak, harreman horretan inplikaturik dauden pertsona ororentzat emaitza hobeak dituela: eraikitzaileagoak, emankorragoak eta talde sentimenduentzat mesedegarri direla".

Eskubideen hierarkia

Eskubide batzuek besteek baino presentzia handiagoa dutela diote. "Adibide gisa, eskubideetan, heziketa eskubidea bat da, jolasteko eskubidea bezala. Hala ere, argi ikusten dugu 'hezkuntza' eskubidea 'jolas' eskubidearen gainetik dagoela, azken hori kategoria baxuagoko bat izango balitz bezala", diote. "Eskubideen kategorizazio hori aipatuz, parte-hartzea moduko eskubideak ez dira hain premiazko gisa ikusten. Haur eta nerabeei hitza ematea, batzuetan gure botere galtzea bezala sentitzen dugu, oraindik botere kontua balitz bezala ulertzen baita harremana". Hori dela eta, "paradigma aldaketa bat" proposatzen dute," non eskubide guztiak eta guztientzat sustatu behar diren".

"Bide luzea" dago egiteko

Gaur-gaurkoz, eragile, udal eta norbanako batzuk bidea egiten hasiak direla onartu dute, nahiz eta oraindik ere eskubideak garatzeko "bide luzea" duten egiteko. "Lan honetan, ez dira bakarrik haurrak edota nerabeak onuradun, guztiontzat da mesedegarri. Tonuccik dioen bezala, haurtzaroaren edota nerabezaroaen alde egindako edozein proposamen, guztiontzako da irisgarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak