Ahobizi eta Belarriprest rolak praktikan jartzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean taloak egiten ikasiz Ekin Emakumeak Elkartearen txokoan. Jasone Giraldo da elkarteko kideetako bat, eta adierazi du "euskaratik hurbil eta ez hain hurbil bizi direnek elkarrekin gune bat partekatzeko" aukera dutela halako jardueretan. Helburua, euskararako hurbilpena eta partekatzea izan dira.
Auzokoko zenbait erabiltzaile ere izan ziren bertan, eta Giraldoren hitzetan "etorri diren Auzokoko erabiltzaileak irrikitan daude euskara gehiago ikasteko. Eurendako halako ekintzetan parte hartzea pozgarria da".
Giraldok aitortu du Santamasetako txosnetan ere txandak osatzeko larri ibiltzen direla, " jendeak taloak jotzen" ez dakielako. Hortaz, abenduko jaira begira antolatutako ekintza bat ere izan da.
Parte-hartzaileak gustura agertu dira. Batzuk lehenengo aldiz egin dituzte taloak, baina beste batzuk dagoeneko bazuten praktika. Erronkak ere badituzte arrasatearrek Euskaraldiaren barruan: "Saiatu ahal den guztietan euskaraz hitz egiten, askotan, erderara jotzen baitugu".