Gaztetxean, 22:00etan hasita, 112 (Arrasateko punk-rock talde gaztea), Kañeria 13 (Garagartzako punk-rock taldea, agertokira oso gutxitan igotzen dena), Pubic Enemy (Madrilgo punk-rock taldea) eta gau honetarako berrasmatutako Perlata &Perlitak (Arrasateko punk-rock taldea eta lagunak) izango dira kontzertuko protagonistak.
Panelak ikusgai, itxita dauden dendetan
Bide batez, bi urteroko efemeride horrekin lotuta, Ez Donk Amaitu-k erabaki du Arrasateko herriari buruzko panelei –Kulturateko klaustroetan iaz ikusgai egon zirenei– hautsa kendu eta kalera ateratzea: "Kalera, bai, baina, gainera, itxi behar izan dituztelako kaleari dagoeneko bizitza ematen ez dioten hainbat negozioren erakusleihoetara", zehaztu dute kolektiboki.
Panel horiekin Arrasateko 80ko hamarkada laburbiltzen eta deskribatzen saiatu ziren, gero herritarrek garai horren euren irakurketa propioa egiteko. Argazki, kartel, prentsa iruzkin eta bestelakoen bitartez orduan gertatu zena ekarri nahi izan zuten, "batzuen oroimena freskatzeko eta beste batzuen jakin-mina asetzeko". Beraz, kalean egingo duten ekimen horrekin, "itxi behar izan dituzten negozioak ere 80ko hamarkadako Arrasateren parte" izan direla erakutsiko dute: "Iaz Biona ireki genuen, eta ez dago garai hobeago ezta txarragorik, baina gero eta lokal gehiago daude itxita herrian, eta horren gaineko hausnarketa ere bultzatu nahiko genuke".
Hauek dira panelak jarriko dituzten erakusleihoak:
- Aranzabal. Iturriotz kalea 15
- Lanas stop. Okendo kalea 5
- Koro. Otalora kalea 1
- Zubizarreta galeria. Zerkaosteta kalea 6
- Mabel. Olarte 2
Bibliotekarien aletxoa
Horrez gain, aurreko urtean ere konplize izan zituzten Kulturateko bibliotekako langileek "opari handia" egin diete arrasatearrei, 2021ean Kulturaten egin zuten erakusketarako sortutako material guztia bibliotekako webgunean publiko eginaz.
Ez Donk Amaituk eskerrak eman dizkie egitasmootan laguntza eman dieten eragileei: dendariei, musika taldeei, AGAKOri, Udaleko Tokiko Garapenari, bibliotekako langileei eta moduren batean parte hartu duten guztiei.