Indartsu datoz ondorengoak

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 18a, 19:00
Ainhoa Aranburu eta Mikel Velasco, helmugatik gertu, Behobia-Donostian. Argazkia: Behobia-Donostia.

Domekan egindako 57. Behobia-Donostia lasterketan bi arrasatear nabarmendu ziren: Mikel Velasco (1.09.47) eta Ainhoa Aranburu (1.24.13). Debagoiendar azkarrenak izan ziren eta eurek ere espero ez zuten marka egin zuten.

Behobia-Donostia herri mailako lasterkari popularrak batzen dituen kirol jaia da, eta domekan 303 debagoiendarrek lortu zuten helmuga gurutzatzea. Denak ez ziren, noski, erritmo berean joan, eta batzuek lasterketa ederra egin zuten. Esate baterako, bailarako azkarrenak izan ziren Mikel Velascok (Arrasate, 2000) eta Ainhoa Aranburuk (Arrasate, 1997). Gertuagotik ezagutzeko helburuarekin, GOIENA eurekin izan da aste barruan.

Korrika egitea, zaletasun

Mikel Velascorendako eta Ainhoa Aranbururendako korrika egiteko zapatilak jantzi eta kalera entrenatzera irtetea zaletasuna baino ez da: "Nire kontura ibiltzen naiz korrika egiten, baina ez dut entrenatzailerik eta halakorik. Duela bi hilabete hasi nintzen Behobia-Donostiarako prestatzen, nire hirugarren edizioa izan da eta aurretik neukan marka [1.14] hobetzea zen helburua. Uste nuen pare bat minutu hobetzeko moduan banengoela, baina ez nire iazko markari bost minutuko tartea jango niola [1.09.47]", dio Mikel Velascok.

Arrasatekoak domekan bertan Goiena.eus-atarian ikusi zuen bailarako azkarrena izan zela, eta ez zuen sinisten: "Beste urte batzuetan bigarren taldetxo batean izan naiz; hau da, gure aurretik egon izan dira Debagoieneko beste atleta batzuk, koska bat gorago daudenak [Beñat Arnaizek, esaterako, iaz 1.06.24ko denbora egin zuen], baina aurten ez dira lasterketan egon eta sorpresa hartu nuen azkarrena ni izan nintzela ikusita".

Ainhoa Aranbururendako ere atletismoa zaletasun hutsa da: "Mutil-lagunarekin ibiltzen naiz korrika egiten, harekin joan izan naiz lasterketaren batera, eta turismo apur bat egiteko ere aprobetxatu izan dugu. Esaterako, duela hilabete Logroñon izan ginen lasterketa batean parte hartzen, eta inguruak bisitatzeko aprobetxatu genuen". Hasi ere lagun artean hasi zen lasterketetan esku hartzen: "Duela urte batzuk egin nuen lehen proba, WOP Bilbao delakoan; lagunekin erreleboka egiten zen lasterketa zen. Ederto ibili ginen, eta orduan hasi nintzen lasterketetan esku hartzen, baina aparteko seriotasun barik". Domekakoa, esaterako, Aranbururen bigarren Behobia-Donostia izan zen: "Iaz, erlojurik gabe irten ginen; proba ezagutu eta ondo pasatzera joan ginen. Aurten, berriz, erritmo jakin batzuetan egin nahi nuen korrika, erlojuarekin eta helburu batekin. Hala, lehenengo 17 kilometroetan gustura ibili nintzen, baina aitortu behar dut handik aurrera sufritzea tokatu zela. Zorionez, gogorrena eginda neukan, eta eustea zen kontua".

Uste baino marka hobeak

Bada, Ainhoa Aranburuk 4.13an egin zuen kilometroa: "Ni oso pozik geratu nintzen, bai, kontuan hartuta Behobia-Donostia lasterketa gorabeheratsua dela. Presiorik gabe irten nintzen, ondo nindoan eta uste baino gehiago estutu nuen. Nire gusturako, eguraldi ona egiten zuen; gu 10:00etan irten ginen eta oraindik ez zuen halako berorik egiten. Ez nuen espero halako markarik egitea".

VELASCO ETA ARANBURURENDAKO KORRIKA EGITEA ZALETASUNA DA, EZ GEHIAGO

Velascoren kasuan, kilometroa 3.29an egin zuen: "Astebete lehenago Antxintxika krosean izan nintzen eta pozik geratu nintzen egindako lanarekin. Seigarren sailkatu nintzen eta aurreikusi baino erritmo azkarragoetan ibili nintzen. Eta domekan ere gauza antzerako samarra gertatu zitzaidan, aurreikusi baino azkarrago egin nuen korrika". Ondoan izan zuen beste arrasatear bat, amateur mailan ziklismoan lehiatzen ibili den Asier Azkarate (1.10.25): "Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta elkarrekin egin genituen lehenengo 15 kilometroak. Gero, une batean, apur bat atzean geratu zen, baina segituan iritsi zen helmugara".

Orain, Velascok aste batzuk atseden hartzeko hartuko ditu, baina urtea amaitu aurretik erronka bat dauka buruan: "10.000 metroko lasterketa bat egin nahi dut ahalik eta azkarren; uste dut 33.30 inguruan ibil naitekeela". Domekan ondo estutu zituzten euren gorputzak, baina horrek ez zien eragotzi arratsalde-pasa ederra egitea gero: "Eguraldi txarra egin izan balu etxera bueltatuko ginen, baina sekulako giroa zegoen Donostian, eta han geratu ginen egun-pasa. Gainera, momentuan bertan ondo errekuperatu nintzen. Gero bai, astelehenean igarri nuen nekea gorputzean", dio Aranburuk. Hala, biek adierazi dute Santamas krosean esku hartuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak