Bihar hasiko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta, ekimenaren atarian, "urrats sendoak" emateko garaia dela gogorarazi dute Kulturateko areto nagusian, Arrasaten. Ikuska Lizarralde dinamizatzaileak hartu du lehenbizi hitza. "Hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz bide berriak urratzeko garaia da. Hitzez ekinez gu geu mugituko gara eta gure ingurukoak mugituko ditugu".
Herriko hainbat eragilek egin dute bat gaur goizeko agerraldiarekin, hala nola, herrian euskararen erabilera zabaltzeko "prest" daudela adierazteko, eta, horrez gain, dei egin dute Euskaraldian izena ematera, txapa janztera eta ariketa egitera. Izan ere, antolatzaileen arabera, txapa egunero janzteak "garrantzia" du.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko
Are gehiago, Lizarraldek azpimarratu du hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa dela abenduaren 2ra bitartean martxan egongo dena, eta "lorpen berrien bila" abiatuko direla bihartik aurrera. "Orain arteko bidea luzea izan da, aldapatsua eta gozagarria, lan militanteak denetarik duelako". Hala, nabarmendu du, beste behin ere, "ariketa kolektibo linguistiko eraldatzailean" hartuko dutela parte arrasatearrek, ahobizi edo belarriprest izan, eta entitateak "konplize" izanda.