Sitgesen egingo dute, talde moduan, debuta

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 12a, 12:36

Arrasateko eta Gaztediko jokalariek elkarrekin jokatutako partidu bateko irudia. ART

ARTko amek gaur, zapatua, jokatuko dute, talde moduan, lehenengo partidu ofiziala. Katalunian izango da Pirolitikak taldearen debuta, II. Mater Series Txapelketan. Gasteizko jokalari batzuen laguntza ere izango dute torneora begira.

ARTko Pirolitikak taldeak gaur egingo du debuta, II. Mater Series Txapelketan, Sitgesko Camp Polivalent Pins Vens-en (Bartzelona). Martxoan proiektua abiarazi zutenetik jokatu dituzte bestelako torneo eta partiduak, baina, orain arte, edo talde mistoekin izan da –Arrasateko beteranoekin Hondarribian, esaterako– edo Gaztediko taldekideei laguntzen.

Orain, baina, Gasteizko jokalari batzuk izango dira Arrasatekoei lagunduko dietenak, baina taldea bera Arrasatekoa izango da; ARTk ordezkaritza izango du Sitgesen: "Sekulako ilusioarekin goaz, entrenatzen ibili gara eta gogotsu gaude zapatuko txapelketari aurre egiteko. Guztira, hamabost jokalari izango gara, eta bederatzi talde inguru batuko gara errugbian jokatzeko; pentsa, 200 ama errugbian jokatzen. Mater Series txapelketa egun bakarrean jokatuko dugu, hamabost minutuko bi zati jokatzen dira partiduko eta zelai erdian izaten dira partiduak".

"Gurea errugbi soziala da"

Amen taldea sortzeko ate irekien zenbait jardunaldi antolatu dituzte azkenaldian, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta. Horren harira, gasteiztarrekin zenbait lan-saio egin dituzte, eta txapelketetan izan dira. "Geure buruari galdetu genion: 'Eta zergatik ez dugu kontaktuzko kirol batean parte hartuko?'. Gurea errugbi soziala da, eta garapen liga batean parte hartzen dugu. Eta egia da araudia egokituta dagoela, jokalariek minik har ez dezaten", azaldu du taldeko kide Belen Aranbarrik: "Hurrengo hitzorduak ere zehaztuta ditugu: martxoaren 25ean, Bilbon izango dugu hurrengo Mater Series torneoa; eta ekainean, Puerto de Santa Marian izango da, Cadizen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak