Helduen euskarazko ipuin kontalaritzari zirkuitu propioa eskaintzeko asmoz, Intujai konpainiak Heldu da kontua ekimena bultzatu du. Urtero bi kontalari sarituko ditu epaimahai aditu batek, eta lehen aldi honetan Mireia Delgado durangarrari eta Maider Alcelay arrasatearrari eman diete zazpi udal bibliotekaren egitarauan sorkuntza propioko istorioak kontatzeko aukera.
Hala, etxean jokatuko du Alcelayk; zehazki, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan, datorren eguenean, 19:00etan. Igor Sala musikariaren akordeoi melodiek lagunduta, emakumeak protagonista dituen kontaketak plazaratuko ditu. "Literaturatik moldatutako, amonak kontatutako eta abestietan entzundako istorioz osatuta dago Emeen kemen", dio.
Datozen egunetan, haurrentzako ipuin kontaketak eskainiko ditu udal bibliotekak; esaterako, asteazkenean Santa Marinan Pello Añorga arituko da eta hilaren 19an Kulturaten Saroa Bikandi –izen-ematea, arrasate.eus-en–.