Sare eskuzabala ehuntzea lortu dute Mondravemberreko kideek, enpresa, komertzio, taberna eta norbanakoen laguntzarekin. Iazko azaroan 9.000 euro batu zituzten denen artean, Derion dagoen CIC BioGUNE laborategiari dohaintzan emateko. "Prostatako minbiziaren ikerketa-zentro hori bisitatzen egon ginenean ikusi genuen soilik probeta bat erosteko diru-kopurua eman geniela, baina ikerlariek aipatu ziguten handia dela egiten duguna, ikusgarritasuna ematen diogulako euren lanari", azaldu du Iban Arroiabek, Mondravemberreko kideak.
Astebururo zerbait
Aisialdiko ekintzak baliatuta ematen diote zabalkundea kausari. Esaterako, Mondraren eta UDAren arteko futbol derbian protagonismo berezia izan zuten duela hiru aste. Joan den asteburuan, aldiz, bertso-desafioa egin zuten Urrin tabernan, eta zapatuan mus txapelketa izango dute Uarkapen, 16:00etan hasita: "Iazkoak harrera beroa izan zuen, baina biharkoak handiagoa izango du, sari potoloak egongo baitira jokoan; horregatik eskatu diogu Udalari pilotalekua gordetzeko".
Hilaren 19ko eguerdian, Elorregi auzoan egingo dute tril Debagoieneko Movember taldeekin, arratsaldean bisita gidatuan parte hartuko dute Arrasaten, Arantza Otaduiren eskutik, eta, eguna borobiltzeko, afari solidarioa eskainiko diete Taxka tabernan.
Gazteen kontzientziazioa sustatze aldera, Aretxabaletako Lanbide Eskolan minbiziari buruzko hitzaldia egingo du hilaren 25ean Arkaitz Carracedo ikerlariak. Hurrengo eguneko mendi martxarekin, Herriko Plazako argazki erraldoiarekin eta elkarteko kideen bazkariarekin osatuko dute egitaraua.