Apirilean kaleratu zuen lehen kontaketa labur erotikoa, Diversidad Literaria argitaletxearen eskutik, Belle Rose izengoitiarekin. Contigo bajo la tormenta izena jarri zion, eta helduen harreman irekiei buruz hitz egiten zuen istorioak. Izandako arrakasta ikusita, liburu oso bat idazteko baliabide guztiak eskaini dizkio argitaletxeak. Ezin muzin egin halako mokaduari. "Ordenagailu aurrean edo kalean ideiak barra-barra sortzen zaizkit. Pertsonaia desberdinen bidez kontaketa askeak idatzi ditut, guztiak sexu-ulerkera zabaltzearekin lotuta", adierazi du Iñiguezek.
Adin eta egoera guztietako protagonistak aurkituko ditu irakurleak liburuan, bikote-harremanen inguruan gogoeta egiteko aproposak. Aipatu diotenez, "modu dotore eta zuzenean" lantzen du erotika, zentzumenek hautematen dutena "sakontasunez" azalduta. Gertuko pertsona "askok" egin diote alea eskuratzeko eskaria. Kajoi tabernan banatuko ditu, azalpenen ostean.