Ikasturtean zehar izango diren ospakizunen lehen harria gaur jarriko du Arrasate Musikalek, musika eskolako argazki historikoen bilduma Kulturateko klaustroan egokituta. 18:30ean egingo dute inaugurazioa, zuzeneko musika lagun, eta azaroaren 25era arte egongo dira ikusgai 1972ko azaroaren 2tik gaur egunera arte ateratako irudiak. Aldi berean, eskola bera sortu baino lehenagoko giro musikala azaltzen duen panel batek osatuko du kontaketa. Dokumentu grafikook eskuratzen lagundu dieten guztiekin eskertuta agertu dira ekimenaren antolatzaileak.
Herrian hezi, munduan hedatu
Era berean, musika eskolako ikasle eta irakasle izandako Alberto Urretxok, Unai Urretxok eta Mikel Arkauzek musikari gisa mundu zabalean bizi izandakoak kontatuko dituzte hilaren 8an, martitzena, 18:30ean hasita, Kulturaten. Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi-jolea da, Mikel Arkauz Nafarroako Orkestra Sinfonikokoa eta Unai Urretxo Korean eta Vietnamen ari da zuzendari lanetan.