Ariketa soziala hasi arte, azaroaren 18ra arte, izena emateko aukera egongo da egunero, Seber Altube plazako sarreran jartzen duten mahaian, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. "Txapak zein entitateen identifikagarriak ere jasoko ditugu eta, gainera, Euskaraldiko arropak eta banderak eskuratzeko aukera ere badugu", adierazi dute Arrasateko herri batzordetik.
Horrez gain, bi ekintza garrantzitsu dituzte datozen egunetan. Batetik, azaroaren 8an, 13:15ean, Euskaraldian parte hartuko duten entitateen talde argazkia aterako dute Monterronen (Euria egin ezkero, Kulturateko Areto Nagusian). Entitateek aukera izango dute identifikagarriak bertan jasotzeko. "180 entitatek eman dute izena herrian, eta hauek euskararen erabileraren alde eman duten urratsari publikoki balioa eman nahi diogu argazkiarekin. Gainera, arrasatearrak izena ematera animatu nahi ditugu, parte hartuko duten entitateekin batera ariketa egin dezaten", nabarmendu dute.