Joan den zapatuan Euskadiko karate txapelketa jokatu zuten Zornotzako pilotalekuan kadete –14-15 urte–, junior –16-17 urte– eta senior –18 urtetik gora– mailetako borrokalariek, eta Arrasateko Saioa karate klubeko sei lehiakidek parte hartu zuten bertan.
Kata modalitatean, Leire Valorrek zilarra erdietsi zuen, txapelketa bikaina egin eta finalera iritsi ostean. Irati Izurrategi, Xavier Varteniuc, Asier Murua eta Danel Izurrategik ezin izan zuten dominengatik lehiatu, bai, ordea, Iosu Madinabeitiak, brontzea esku-eskura izan baitzuen, baina azkenean alde egin zion.
Kumite modalitatean txukunago aritu zen Saioako taldea. Xavier Varteniuc, "borrokaldi guztiak arazorik gabe" irabazita, Euskadiko txapeldun bilakatu zen, 63 kiloz azpiko kadeteetan. Danel Izurrategik ere txapelketa ona egin zuen, finalera iritsi baitzen 61 kiloz azpiko juniorretan, baina ezin izan zuen azken lehia irabazi eta zilarrarekin konformatu behar izan zuen. Emaitza bera lortu zuen Madinabeitiak 67 kiloz azpiko seniorretan.
Euskadiko hautatzaileek kontuan hartuko dute, seguru, Saioakoek Zornotzan egindako lana, azaroaren 25etik 27ra Pontevedran egingo den Espainiako txapelketan selekziorekin egon daitezkeen ala ez ikusteko.
Hurrengo txapelketa ostiral eta zapatu honetan jokatuko dute, azaroaren 4an eta 5ean, Lisboan –Portugal–. Europako Kyokushinkai World Federation txapelketari dagokion lehietan Aitor Madinabeitia, Danel Izurrategi, Xavier Varteniuc, Julen Bermejo eta Irati Izurrategi izango dira Saioa karate klubeko ordezkariak.