Azaroari dagokionez, izen-emate mahaia egunero jarriko dute Euskaraldia hasi arte, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 18:00tatik 20:00etara (azaroaren 7an izan ezik). Beti toki berean izango da, Kulturaten, Seber Altubeko sarreran. Era berean, parte-hartzaileek bertan izango dute txapa jasotzeko aukera eta bakoitzaren rolean aritzeko hainbat gomendio jasoko dituzte.
Materiala salgai
Euskaraldiko materiala eskuratzeko aukera ere izango da bertan, arropak eta baita banderak ere. Azken hauek herriko hainbat tokitan daude salgai jada: Olgeta, Ttukun, Ereindajan, AEK, Goiena eta AED. "Ekarpen hauek Euskaraldia Euskal Herri osoan zabaltzen lagunduko dute. Beraz, jantzi ditzagun kaleak Euskaraldiarekin!", nabarmendu dute.
Entitateen izen-ematea, azken txanpan
Urriaren 31an, astelehena, itxiko da entitateen izen ematea. "Astebete falta da. Beraz, Arrasateko taberna, denda, kirol zein kultura talde, enpresak… ariguneak sortu eta eman izena Euskaraldian", diote. Helbide honetan dago horretarako aukera. "Laguntzarik behar izanez gero, arrasate@euskaraldia.eus helbidera idatzi edo AEDko bulegora etortzeko aukera dago".