Emakumeen Mundu Martxako kideen esperientziak, bertatik bertara eguaztenean

Hasier Larrea 2022ko urr. 24a, 09:15

EMM-ko lau hizlariak.

Nalú Farias brasildarrak, Martha Godinez guatemalarrak, Bushra Khaliq pakistandarrak eta Yildiz Temürtürkanek turkiarrak erresistentzia feministen esperientziak kontatuko dituzte Emakume Txokoan hilaren 26an, 18:30ean hasita.

Urriaren 26an, Emakumeen Mundu Martxako erresistentzia feministen esperientziak mahai ingurua egingo dute, Emakumeen Mundu Martxaren erresistentzia esperientzien berri jakiteko, eta kapitalismoaren eta neoliberalismoaren ondorioz Abya Yala, Afrika eta Asia moduko testuinguru zehatzetan emakumeek pairatzen dituzten arazoak jorratzeko.

Emantzipaziorako eta bizitzaren iraunkortasunerako politikak defendatzearen beharraz hitz egingo dute Nalú Fariasek, Martha Godinezek, Bushra Khaliqek eta Yildiz Temürtürkanek, azken hori Martxaren Nazioarteko Idazkaritzaren oraingo koordinatzailea. Hizketaldia Arrate Landa Bidaburuk dinamizatuko du, Arrasateko Mugimendu Feministako kideak.

Basoan nazioarteko bilera

Emakumeen Mundu Martxa mugimendu feminista eta antikapitalista da,  desberdintasun eta diskriminazio mota guztien aurka borrokatzen duena. Mundu osoan 58 lurraldetan dago presente, elkartasunaren nazioartekotzea, autodeterminazioa eta herrien arteko berdintasuna, emakumeen arteko aniztasuna aitortzea eta beste gizarte
mugimendu batzuekin aliantza feministak indartzea sustatuz.

Bost urtean behin, Emakumeen Mundu Martxak nazioarteko mobilizazio ekintza bat egiten du, aldaketa politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala aldarrikatzeko. V. ekintza 2020 eta 2021 artean egin zuten, Mugen, Migrazioen eta Transnazionalen gaia aintzat hartuta.

Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Batzordeak bilera bat egingo du Defendatzaileen Etxean, Basoan –Artea, Bizkaia–, urriaren 24tik 28ra arte. Egonaldia aprobetxatuz, Arrasaten mahai ingurua eskainiko dute eta, gero, otordutxoa egingo dute parte hartzaile guztien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak