Pakito Arriaranen oroitarrian ekin dio Askapenak Internazionalista Egunari

Hasier Larrea 2022ko urr. 22a, 17:01

Askapena euskal erakunde internazionalistak 35 urte bete ditu aurten "Euskal Herriko askapen sozial eta nazionalaren alde eta munduko inperialismoaren eta globalizazioaren aurka" lanean. Arrasaten garatzen dihardute urtemugako ekintzak.

Euskal Herriko eta nazioarteko dozenaka kide internazionalista batu dira gaur Arrasaten, Askapenaren 35. urtemugaren baitan. Egun osoko egitaraua Monterron parkean hasi dute, 1984an El Salvadorko gerran erail zuten Pakito Arriaran gudari arrasatearraren oroitarriaren aurrean. Haren izena omendu dute, baita kausa beragatik bizia galdu zuten Begoña Garcia eta Marta Gonzalezena ere.

Pakitok utzitako borroka eredua gaurkotzeko premia nabarmendu dute: "Etika marxista iraultzailearen eredu gorenetako bat da, izan ere, etika horrek norberarena egiten du munduko edozein zapalkuntza, eta, elkartasunez eta ekimenez, zapalkuntza hori gauzatzen den edozein lekutan iraultza egitera bultzatzen du langile borrokalaria".

Sistema inperialistari aurre egiteko arriskuak hartu beharraz ere aritu dira: "Kontrara, norbere jarduera politikoa denbora-pasa izatera, edo are okerrago, ogibide izatera, iristen da". 

Askapenako militante historikoen presentzia

Ekitaldira bertaratu dira Miren Odriozola eta Agurtzane Urizar, El Salvadorren Laura eta Sandra guda izenez ezagunak. Eurei zuzendutako hitzak ere izan dituzte: "Ondo zekiten harako bidea hartzean benetako guda zelai batera abiatu zirela, klase arteko borroka oso gordin ageri zen lurralde batera, herri armatu eta antolatuak agintari ustel eta faxistei eraso zien herrira. Bazekiten, eurekin joan ziren euskal internazionalista guztiek bezala, han bizia gal zezaketela. Baina mundu aske eta sozialista bat lortzeko konpromiso maila noraino igo behar den ere argi zeukaten".

"Gaur egun ere gerran murgilduta"

Duela 39 urteko El Salvadorren egoera, matxinada bete-betean zegoena, gaur egungo zenbait herrialderenarekin alderatu dute, hala-nola Palestina, Kolonbia, Kurdistan eta Donbassekoarekin: "Inork ez dezala  pentsa gatazken bukaeran gaudenik, alderantziz, murgilduta gaude gerran, baita Europan ere". Hargatik, Pakitoren eredua "1984an bezain baliotsua da gaur".

Egitarau kulturala

Internazionalista abestu eta gero, bazkaria egin dute gaztetxean 100 lagun inguruk. Ondoren, bertso saio ibiltaria egin dute, herriguneko muraletan geldialdiak eginez, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego bertsolarien doinuan. 21:00en bueltan ekitaldia burutu dute gaztetxean, eta gauean zehar, 22:00etan hasita, The Clayton, Keike eta Tasaund Systemen musikak animatu du giroa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak