Gipuzkoako andaluziar elkarteek urtero ospatzen dute Emakumearen Eguna; bada, aurten, Arrasaten egin dute topaketa. Batez ere Donostiatik eta inguruko herrietako elkarteetatik etorritako emakumeak batu dira, 43 guztira.
Bisita gidatua Arrasaten
Arrasateko Udaletxean elkartu dira Maria Ubarretxena alkatearekin eta ondoren bisita gidatua egin dute Arantza Otaduirekin. 13:00etan Al-Andalus elkartera joan dira eta han Sierra Morena taldearen emanaldia entzuteko aukera izan dute. Cordobatik etorritako taldearen kantuek aretoan batutakoak hunkitu dituzte.
Salvador Delgado da elkarteko presidentea: "Bi jardunaldi izan ditugu gaurkoan: batetik, Gipuzkoako elkarteek antolatzen duten urteroko eguna Arrasaten ospatu dugu; eta, bestetik, Euskadiko Elkarte Andaluziarren Federazioak antolatuta Sierra Morena taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dugu. Jardunaldi hauen helburua izaten da gure artean elkartzea, eta kultur ekitaldien inguruko dinamikarekin jarraitzea".
Bazkaria izan dute ondoren, elkartean bertan. Arratsalde partean dantzaldia izango dute.
Al-andalus elkartea
Gaur egun 160 bazkide ditu Arrasateko elkarteak, nagusiak eta haurrak kontuan hartuta. Belaunaldi aldaketa igarri egiten dela dio Delgadok, izan ere gazteek ez dute gurasoen erreleboa hartu oraindik. Hala ere, elkarteak ekintza ugari antolatzen jarraitzen du: azaroaren izango dute hurrengo jardunaldia: Udazkeneko jaialdia egingo dute.