Azken orduko aldaketa izan du gaurko ekitaldiak, Erdaldun berrien kluba obra antzeztera etortzekoa baitzen Olatz Pagaldai, baina ezin izan du etorri, eta bere ordez duela bost urte AEDren ekitaldi batean egondako Barry Manley gonbidatu dute antolatzaileek. Barre algara ugari sortu ditu haren berriketak; Donostiatik Ondarroara euskara ikastera joaten zeneko anekdotak kontatu ditu, irlandarrek ohikoa duten umore kutsuarekin. Gitarrarekin hiru abesti kantatzera ere animatu da: "Konfinamenduan bi aukera nituen, euskarazko subjuntiboa ikastea edo gitarra jotzen ikastea; bigarrenaren alde egin nuen", adierazi du Manleyk.
Aurretik, detaile polita izan dute Zahar-Berriko arduradunek 25 urteotan taldeak koordinatu izan dituztenekin, hots, bidelagunekin: "Sarri egiten ditugu txangoak, eta horietako batean bisitatu genuen Arabako Elosua herriko eltze-denda bat. Bertako produktuak diren pitxarrak oparitu dizkiegu gure bidelagunei, Zahar-Berriko ekintzekin ere lotura eginez".
Manley-ren bakarrizketa amaitzerakoan gazta, patata-tortilla, urdaiazpikoa eta edariak zain zeuzkaten Zahar-Berriko kideek. 75-80 bat dira mintzapraktika egiten dutenak, hamasei taldetan banatuta. Hala ere, jende gehiagorendako lekua ere badute, izen-emate kanpaina irekita baitago oraindik. interesa dutenek bi bide dituzte horretarako: 943 77 12 28 telefono zenbakira deitu edo zaharberri@aedelkartea.eus helbidera idatzi.