Arrasateko EH Bilduk Herri Batzarrerako deialdia egin die hau osatzen duten komunitateko kide eta lagunei. "Hitzordu garrantzitsu honetan bi gai nagusi landuko dira: egoera politikoaren azterketa eta 2022-2023 ikasturteko erronkak. Koalizioaren erronka nagusienetako bat 2023ko maiatzean egingo diren Udal eta Foru hauteskundeak izango dira. Arrasateko udal politikek norabide aldaketa bat behar dutela iritzita, EH Bilduk udala berreskuratzeko duen helburu garbiarekin abiatzen du ikasturte hau. Horretarako, lehen urrats gisa kokatu du asteazkeneko Herri Batzarra", adierazi dute.
Horrez gain, egun bizi den egoera politikoaz ere ariko dira, "krisi energetiko, sozial eta ekonomikoari erreparatu, hausnartu, eta honek guztiak Euskal Herrian eta Arrasaten duen eragina" aztertuz. "Egoera iraultzeko estrategiaren eta kokapen politikoaren berri emateko", EH Bilduko programa arduraduna den Pello Otxandiano izango da bertan.
Pablo Uraga kaleko 8. zenbakian izango da batzarra, Bilgunean, urriaren 26an, 18:00etan.