Lehiaketetan erritmoa hartzen hasi dira Saioako karatekak

Hasier Larrea 2022ko urr. 19a, 13:53

Larunbatean, urriak 15, Costa Quebrada nazioarteko III. txapelketan parte hartu zuten, Soto de la Marinan –Kantabria–, Saioa karate klubeko kadete mailako hiru lehiakidek.

Irati Izurrategik 54 kiloko kategorian galdu egin zuen lehen kanporaketan. Open mailan, aldiz, brontzezko domina lortzeko borroka parekatu baten ondoren, 5. postuan geratu zen. Xabier Varteniucen kasuan, 63 kilokoan postu berarekin konformatu behar izan zuen, eta, openean, bi borrokaldi "oso on" egin zituen, baina epaileen erabaki batek dominen lehiatik kanpo utzi zuen. Azkenik,  Asier Muruak, 70 kiloko kategorian podiumera igotzea lortu zuen, brontzea eskuratuta, bere bi borrokaldiak "ondo" burutu ondoren. Openean, berriz, lehen txandan erori eta bigarren aukeran aritzeko aukera izan zuen, eta, azkenean, 7. postuan amaitu zuen.

Carlos Sanchez entrenatzailearen esanetan, oro har, txapelketan lan ona egin zuten hirurek, eta nabarmendu du borrokek aurrera egin ahala hobera egin zutela. Kontuan izan behar da Izurrategi eta Varteniucentzat denboraldiko bigarren txapelketa zela –Torrelavegako liga nazionalaren ondoren– eta Muruarentzat lehenengoa, beraz, "lehiaketa erritmoa hartu eta hurrengo ekitaldietarako akatsak zuzentzeko" izan zaie.

Domekan, Gipuzkoako Txapelketa

Bestalde, urriaren 16an, domeka, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan. Hiru kategoria izan ziren: kadete maila (14-15 urte), junior maila (16-17 urte) eta 21 urtez azpikoak (18, 19 eta 20 urte). Saioako bost ordezkariek lan txukuna egin zuten, bederatzi domina eskuratuta.

Irati Izurrategik kata modalitatean eta kumitean hartu zuen parte, kadete mailan, 54 kiloz azpikoetan. Katan, hirugarren postua oso gertu izan zuen arren, ez zuen lortzerik izan. Bai, ordea, kumitean, brontzezko domina lortu baitzuen.

Asier Murua kata modalitatean eta kumitean aritu zen, kadete mailan, 70 kiloz azpikoetan. Kumitean, final ona egin arren, galdu egin zuen bere borroka. Kata modalitatean, berriz, hirugarren sailkatu zen.

Xavier Varteniuc ere katan eta kumitean aritu zen, kadete mailan, baina 63 kiloz azpikoetan. Kumitean irabazle izan zen, borroka gogor eta sendo bat eginda, eta kata modalitatean, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen.
 
Bestalde, Danel Izurrategik, junior mailako kata eta kumite modalitateetan hartu zuen parte, 61 kiloz azpikoetan. Kumitean nahiko erraz gailendu zen, urrezko domina eskuratuz. Katan, aldiz, hirugarren amaitu zuen.
 
Azkenik, Iosu Madinabeitia 21 urtez azpikoetan aritu zen, katan zein kumitean, 67 kiloz azpikoetan. Honek ere erraz menderatu zuen aurkaria kumitean eta kata, berriz, bigarren bukatu zuen.
 
Hurrengo hitzordua urriaren 29an daukate karetekek, Zornotzan, Euskadiko Txapelketa jokatuko baitute han.
 

'Kick Boxing'-ean ere, maila onean

Bestalde, Saioa gimnasioko Tano Team-eko ordezkariak maila ona eman zuten Bilbon jokatutako Kick Boxing Openean.

Liher Elizondo Zabaletak K1 modalitatean hartu zuen parte eta berdinketarekin amaitu zuen bere borroka. Markel Vazquez Velez de Mendizabalek, berriz, Kick Boxing modalitatean hartu zuen parte eta puntuka irabazi zuen. "Apurka-apurka, Kick Boxing-eko taldea maila ona erakusten ari da halako jardunaldi garrantzitsuetan", adierazi du Carlos Sanchez entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak