Enrique Gonzalezek Espainiako trantsizioan kokatu du bere ikerketa esparrua, langile klasearen azterketatik abiatuta. "Trantsiziotik sortutako 1978ko egungo erregimenak hainbat ertz ditu eta, garrantzitsuena, frankismoan sortu eta finkatutako instituzioak ukitu gabe egin izana: monarkia, armada, polizia judikatura eta abar", dio.
Idazlearekin batera Piter Encinas egongo da, Alternatibako kidea. Liburuaren ikerketa Arrasatera ekarriko du, batez ere 1976an izandako "Zerrajeraren greba". Trantsizioa, Arrasaten bezala Euskal Herrian ere, "garai oldartsua" izan zela diote, herri eta langile mobilizazio ugari egon baitziren. "Horretaz guztiaz ariko dira aurkezpenean, eztabaidan jarriz trantsizio garaiak duen garrantzia ordutik hona euskal politikak izan duen eboluzioan".