Txokolate dastaketa egin du Harreman dendak, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 15a, 14:04

Gaur goizean jarri du postua Harreman dendak hileko hirugarren zapatuko azokan. (Argazkia: I.A.A.)

Arrasaten hilero egiten den hirugarren zapatuko azokan postua jarri du Harreman dendak. Hainbat txokolate mota dastatzeko aukera egon da, baita bidezko merkataritzako txokolateak, kafeak, kakaoa eta azukrea erosteko ere.

Gaurko egunez ospatzen da Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta egun horrekin bat egiteko salmahaia jarri du Harreman dendak hileko hirugarren zapatuan Seber Altube Plazan egiten den azokan. Berezitasun modura, kafea eta txokolatea eskaini dituzte edateko eta txokolate dastaketa egin dute.

Cristina Etxenagusia da Harreman dendako arduraduna eta adierazi duenez, goiza ona izan da: "Produktu asko ekarriz ez baditugu ere, euren azalpena ematen diegu hurbiltzen direnei. Jendea badabil, baina kostatu egiten zaie txokolatea edo kafea hartzea".

Pobreziaren aurkako egun honetan nabarmendu du Etxenagusiak, zenbait herrialdeetako langileen egoera ez dela batere ona esplotatua eta pobrezia egoeran bizi baitira. Horri aurre egiteko, bidezko merkataritza garrantzitsua dela dio, kooperatibak sortzen baitituzte; hortaz, "berdin irabazten dute eta soldata onak dituzte. Haurrak eskolara joaten dira lan egin ordez, eta produktuak ere ekologikoak dira. Ingurumena zaintzen dugu". 

Errealitate horretaz gizarteak kontziente izan behar duela dio Harreman dendaren arduradunak, merkeena erostea ez baita konponbidea: "Ez dut esan nahi gurean erosi behar denik, baina behintzat jakin behar da zer dagoen produktu bakoitzaren atzean; zein den egoera, haurrak ekoizten duen...". Hala ere uste du, azken urteetan, herritarrak gehiago sentsibilizatu direla gai honen inguruan.

Halaber, biharko Mundukidek antolatu duen VII. lasterketa solidarioan ere izango dira Harreman dendako kideak. Seber Altube plazan jarri duten antzerako postua jarriko dute bidezko merkataritzako produktuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak