Liburuetatik harago doan kalitatezko ekintza sorta

Hasier Larrea 2022ko urr. 17a, 09:38

Udal Bibliotekako langileak, Kulturateko liburutegian, kartela erakusten.

Arrasateko Udal bibliotekak prest du urriaren 24an ospatu ohi den Bibliotekaren Egunaren bueltako egitaraua. Aurten, lau ekitaldi programatu dituzte, adin tarte guztiei begira eta hainbat euskarri kontuan hartuta. Hilaren 20an egingo dute lehena.

Gaur egungo bibliotekak ez dira soilik liburu-tenpluak, hainbat euskarrik, hala-nola musikak eta zinemak, osatzen baitute liburutegi publikoen ekosistema. Eta, noski, erabiltzaileek. "Batzuek ikasleen guneak direla uste duten arren, herritar orori zerbitzua ematea dute helburu, zerbitzu unibertsala baita", adierazi dute Kulturateko Udal Bibliotekako langileek. Filosofia horrekin, eta aldaketetara irekita, mimoz prestatu dituzte, urtero legez, Bibliotekaren Nazioarteko Egunaren bueltako ekitaldiak.

Guztientzako ekimenak

Hala, hilaren 20an, 18:00etan, irekiko du egitaraua Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak, Santa Marinako bibliotekan. Euskal Herrian aspalditik errotuta dagoen Gau Beltzarekin lotutako istorio eta ipuinak kontatuko dizkie 6 urtetik gorako haurrei.

DOAKOAK DIRA, ETA SANTA MARINAKOAN, 'ARRASATE.EUS'-EN BIDEZ KOMENI DA IZENA EMATEA

Hurrengo egunean eta ordu berean, Kulturaten, 4 urtetik gorakoei zuzenduko zaizkie Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado artistak, Ezberdin bezain eder ikuskizunean –sarrerak agortuta daude–. Askotariko musika tresnak erabilita, "emozioak ernaldu, begirada zabaldu eta aniztasuna laguntzat hartzeko" istorioak izango dituzte hizpide.

Emanaldiak bukatzeko, helduentzako Txori kantazale, Xabier Leteren ildoan errezitaldia egingo dute Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak hilaren 28an, 18:00etan, Kulturaten. Sarrera libreko saio horretan, pianoak gidatuta, kantautore oiartzuarraren unibertso poetikoan murgilduko dira, "kantariak bere piezekin zer esan nahi zigun" galdetzeko asmoz.

Ikasturtean zehar jarduera gehiago antolatzen dituzte Bibliotekan; udaberriko Liburuaren Egunaren bueltakoak, esaterako. Irakurketa sustatzeko aurrekontuari "bultzada" ematea ere gustatuko litzaieke, "egitasmo politak" antolatzeko.

Bigarren eskuko liburu azoka

Amerika elkartearen eskutik dator azken ekitaldia. Hilaren 24tik 28ra 17:00etatik 20:00etara egongo dira borondatezko lana egiten Kulturateko sarreraren kanpoaldean, baita hilaren 29an –zapatua-, 11:00etatik 13:00etara. Hala, ekainean egin zuten jarduera solidario honi jarraipena emango diote, "arrakastatsua" izan baitzen.

Joan den ekaineko lehen asteburuko liburu azoka solidarioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak