'Go!azen 9.0' telesailaren aurrestreinaldirako sarrerak, ostiral goizean eskuragarri

Hasier Larrea 2022ko urr. 11a, 11:38

Urriaren 29an, zapatua, Amaia antzokian izango dira Go!azen telesail arrakastatsuko protagonistetako batzuk. 17:00etan iritsiko dira antzokiaren kanpoaldera, eta ordu erdiko ekitaldi txiki bat egingo dute bertan. 17:30ean areto barruan proiektatuko dute denboraldi berriko lehenengo kapitulua. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanari esker, doako emanaldi berezia eskainiko dute ETB1en emititzen den Go!azen telesaileko aktoreek. Urriko azken zapatuan izango da hitzordua, eta ostiral honetan, hilak 14, eskuratu ahalko dira sarrerak arrasate.eus atarian, 10:00etatik aurrera. Eskari bakoitzeko gehienez lau sarrera banatuko dira, eta guztira 644 lagunentzako tokia egongo da Amaian. 

Bertaratzen diren neska-mutilek aktoreekin aurrez aurre egoteko aukera izango dute. 17:00etan iritsiko dira protagonistak, eta 17:30etik aurrera pare bat ikuskizun eskainiko dute oholtza gainean. Ostean, telesailaren bederatzigarren denboraldiko lehenengo kapitulua proiektatuko dute, eta, bukatzeko, jarraitzaileek photocall eremuan argazkiak atera ahalko dituzte aktoreekin.

Hilabete honetan ekitaldiz ekitaldi arituko dira Go!azenekoak, telesailaren denboraldi berri oro estreinatu aurretik egin ohi duten antzera. Zapatu honetan BECen izango dira, domekan Tafallako Nafarroa Oinezen, hilaren 23an Donostian eta, esan bezala, hilaren 29an Arrasaten. Basakabiko abentura berriak azarotik aurrera egongo dira ikusgai ETB1en. Hala, Amaiako sarrerak eskuratzen dituztenek primizian izango dute lehen kapituluaren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak