"Emakumea zara eta zure burua lantzea gustatuko litzaizuke zaldiekin coaching-aren bitartez?", azaldu dute antolatzaileek. "Emakumeentzako soilik izango den tailer bat prestatu dugu, non zure buruarekin berriro konektatu, ahaldundu, harremanetan muga osasuntsuak jartzen ikasi eta autokonfiantza eta autoestimua landuko ditugun".
Ekintzak naturan egingo dituzte, zaldien jakituriaz lagunduta. "Horrek erakutsiko digu zer landu behar dugun edo zertaz jabetu behar garen kontzienteago jarduteko", nabarmendu dute.
Saioan parte hartzeko, ez da beharko zaldiekiko aldez aurretiko ezagutzarik. "Animatu, oso pozik egongo gara zu ezagutzeaz!", nabarmendu dute Ekin Emakumeak Elkartetik.
Izen-ematea, zabalik
Dagoeneko eman daiteke izena eta hainbat bide dituzte horretarako. Batetik, Ekin Emakumeak Elkartearen lokalean bertan (Pablo Uranga kalea 4, behea). Bestetik, telefonoz, 943 79 83 70 edo 651 70 79 36 zenbakietara deituta. Azkenik, emakumeak@ekinemakumeak.eus helbidera idatzita ere eman ahalko da izena. Prezioari dagokionez, 50 eurokoa da (elkarteko bazkideentzat, 45 euro).
Hitzaldia Kulturaten
Bestalde, datorren astean, hileroko ekintzak abiatuko ditu Ekin Emakumeak Elkarteak, ikasturteari hasiera emanez. Kasu honetan, Esku Hutsik elkartearen eskutik, Dolu perinetala ikusgai egiten hitzaldia egongo da urriaren 19an, eguaztena, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.