Debagoieneko errekak bizirik auzolanean ekimenak urriaren 15ean izango du egun handia. Erreka bizien garrantzia erakusteko garbiketa lanetara deituta daude Debagoieneko bederatzi herrietako biztanleak. Goienak bere aletxoa jarriko du, eta ikus-entzunezko berezi bat ekoizteko lanetan da.
Julen Iriondok zuzenduta, Deba ibaiaren eta bere adarren inguruko hamaika alor jorratuko ditu, eta adituak zein arituak diren hainbat lagunen ahotsak jasoko ditu. Besteak beste, Deba ibaiaren sorlekua den Hiruerreketari buruz arituko da Aitor Larrañaga, arrantzaz Unai Etxeberria bergararra, floraz eta faunaz Naiara Corcuera arrasatearra, ibai sistemaren eraldaketez Martin Arriolabengoa geologoa eta Deba ibaiaren erabilerez Jose Antonio Azpiazu historialaria.
Ikus-entzunezkoa urriaren 13an eskainiko du Goiena telebistak, eta, urriaren 15eko ekintzak jaso ostean, osatu egingo da eta eskualdeko hainbat aretotan emango da.