'Hemen Debagoiena' saioan atal berriak laster

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 10a, 10:03

Larraitz Zeberio aurkezlea.

Besteak beste, lehen sektoreari balioa emateko tartea, Danbaka Musika Lehiaketaren jarraipena eta jarduera fisikoa, kirola eta osasuna lotuko dituen erreportaje sorta izango ditu denboraldi berrian eguneroko magazinak

Orain arteko formatuari jarraipena emango diote Hemen Debagoiena saioan, baina edukietan nobedade esanguratsuak izango dira. Astelehenetik egubakoitzera emitituko da, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan. Goiatz Aranak zuzenduta eta Larraitz Zeberiok aurkeztuta, saioak atal berriak izango ditu laster. Mantendu egingo dira elkarrizketak, albisteak, egunerokotasunarekin lotutako erreportajeak eta herrietako berriemaileek aldiro egiten dituzten platoko interbentzioak. Nobedade nagusiak egunean eguneko atal finkoetan izango dira.

Eduki berriak

Txomin Madinak lehen sektorearekin lotutako espazioa izango du astelehenetan. Eskualdeko ekoizleengana joango da unean-unean zer-nolako lanetan ari diren ezagutzeko, eta baita hain garrantzitsua den jarduera horretan zer-nolako zailtasunak eta aldarrikapenak dituzten jakiteko ere.

Urriaren 14an hastekoa den Danbaka Musika Lehiaketak ere leku berezia izango du Hemen Debagoiena saioan. Bi astean behin egingo dira zuzeneko emanaldiak, eta aurreko eguenean eta ondorengo martitzenean emanaldi bakoitzaren iragarpena eta balorazioa egingo dira, modu horretan lehiaketaren jarraipena eginez. 

Jarduera fisikoa, kirola eta osasuna lotuko dituen txokoa ere izango da Hemen Debagoiena saioan eguaztenetan. Iñigo Barrenak zuzenduta, hainbat adituren aholkuak jasoko dira bertan. Athlon kooperatibako lagunekin elkarlanean ekoiztutako edukia izango da, eta Malen Ruiz de Azuak egingo ditu aurkezle lanak.

Debagoiendarrak mundutik izeneko atala ere bueltan izango da, baina formatu berriarekin; izan ere, eskualdekoak diren baina kanpoan bizi diren hainbat lagun elkartuko ditu Eneko Azurmendik espazio horretan. Binaka hartuko dute parte, eta gai berdin baten bueltan arituko dira lekuan lekuko berezitasunak aurkeztuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak