Berrituta, osatuta eta ikus-entzunezko erronka berriekin dator Goiena telebista

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 7a, 16:24

Goiena telebistako kontrol-gelan, teknikariak platoko saioa ekoizten.

Udazkenean sartuta, korronte berriak dakartza Goiena telebistak. Izan ere, denboraldi honetarako erronka berriak ezarri ditu Goienak, eta horretarako lehenengo urratsa telebistako instalazioetan berrikuntzak egitea izan da. Izan ere, legez, 2023ko urtarrilean toki telebista guztiek HDn emititzen egon beharko dute. Hori horrela, telebistako tripetan zenbait lan egin dira abuztuan, ekoizpen guztia HD kalitatean emititzeko asmoz.

Instalazio tekniko guztia desmuntatu da, kable berriak jarri, eta errealizazioko kontrol-gela eta emisio-gela guztia berritu da. "Telebistako kate guztia –grabazioa, post-produkzioa, errealizazioa eta emisioa– HDn lanean jartzeko lanak izan dira. Duda barik, aldaketa honek kalitate handiagoan lan egiteko aukera emango digu eta ikus-entzuleek igarri egingo dute. Post-produkziotik abiatu genuen HDrako jauzia, eta orain, errealizazioan eta emisioan egin ditugu berrikuntza nabarmenenak. Aurrekontuari dagokionez, 100.000 euro inguruko inbertsioa izan da", adierazi du Oihane Agirrek, Goiena telebistako zuzendariak.

Egindako aldaketek lan-fluxuan ere eragingo dute; izan ere, azkarrago lan egitea ahalbidetuko du sistema berriak. "Tokiko hedabide bateko telebista batentzat inbertsio handia da, kontuan izanda sektorea zein egoeratan dagoen. Ilusioz hartu dugu proiektua, eta inbertsioa enpresari egokitutakoa izan da; zerbitzua mantentzeko ezinbestekoa", adierazi du, bestalde, Ignacio Celmak, Inercia Tecnologia Audiovisual enpresako gerenteak.

Telebista egiteko modua asko aldatu da, eta pandemiak ere telebista egiteko modu berriak ekarri ditu: bideo-deiak, streaming-a… "Seinale hauek guztiak egoki kudeatu ahal izango ditugu egindako berrikuntzekin. Teknologia asko garatu da eta lehen telebista kate nagusiek bakarrik egin zitzaketen zuzenekoak orain gure eskura ere badaude", adierazi du Agirrek.

Laster, azken urratsa

HDn emititzeko kate osoa amaitzeko, zabalkundean egokitzapenak egitea falta da: "Batetik, LTDko antena –Murun dago zentro printzipala– egokitu egin beharko dugu. Laster egingo dugu hau. Bestetik, kable bidez ere Euskaltelera Goiena telebistaren seinalea bidaltzen duen ekipoa aldatzeko zain gaude. Aldaketa hauek egindakoan jakinaraziko diegu ikus-entzuleei. Tarte batean, analogikoan eta HDn emitituko dugu; ikus-entzuleek telebista berriz sintonizatu dezaten", adierazi du Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak