Garaipenekin dominak lortzen dira, eta porrotetatik ikasi egiten da. Eta ikasgaia ondo barneratuta itzuli da Yaman Diamante Mjahed Italian –Lignano Sabbiadoro– jokatu duten Europako txapelketatik. Lortu duena ez da nolanahikoa, brontzezko dominarekin batera neguan jokatuko duten Munduko Txapelketarako sailkatu da eta; baina egia da bi borrokaldi irabazi eta gero, finalerdiko porrotak zapore gazia utzi ziola: "Kontziente nintzen munduko txapeldunordea neukala aurrean [Ukrainako Ivan Pasych], eta egurra jasotzen ari zen. Borrokaldi oso gogorra izan zen, eman eta jaso ibili ginen biok, baina bigarren roundean lurrean neukan, hesien kontra, eta ukabilkadak ematen ari nintzaion, sufritzen ari zen, amore eman behar zuen edozein momentutan...".
Orduan, baina, lurretik besoko giltza bat egiteko kapaz izan zen Pasych, besoa kateatu zion arrasatearrari, eta hark amore eman behar izan zuen: "Une bakar bat nahikoa da borrokaldia galtzeko. Ikasgai ona izan da eta kontrario gogorraren aurrean galdu dut. Pena hartu nuen, garaipena eskura izan nuelako eta finalean erraz gailendu zelako. Brontzearekin etorri naiz, baina urrea oso-oso gertu izan dut. Hala ere, urrea lortzen dudanean zapore hobea izango du", adierazi dio Mjahedek GOIENAri, Italiatik iritsi berritan.

Aurreko borrokaldietan, bikain
Finalerdietarako sailkatzeko egin behar izan zituen aurreko bi borrokaldietan sekulako maila erakutsi zuen Diamante-k. Lehenengoan, Errumaniako Cristian Valentin ondo hartu zuen mendean, bi minutu eta erdi baino ez zituen behar izan kontrarioa lurrean uzteko. Bigarren borrokaldia, baina, beste kontu bat izan zen, Irlandako Jake Ngai-ren kontra: "Inoiz ez dut ikusi halako mailako txapelketarik. Irlandarraren kontra borroka gogorra izan nuen. Tipo gogorra zen, hauspo luzekoa. Hiru roundak erabili genituen eta puntu aldeagatik irabazi nuen".

Gastu guztiak, poltsikotik
Yaman Mjahedek Europako txapelketako gastu guztiak poltsikotik ordaindu behar izan ditu: "Garesti irten zait txapelketa, egia esan. Baina, niretako, ez da gastua, inbertsioa da. Munduko borrokalari onena bilakatzea dut amets, horretarako entrenatzen naiz egunero, eta hauek eman beharreko pausoak dira. Sekulakoa izan da nazioartean lehiatu ahal izatea, eta orain bai, brontzea irabazita abenduan edo urtarrilean jokatuko dugun Munduko Txapelketan Espainiako Federazioak ordainduko du bidaia". Txapelketatik errekuperatzeko baliatuko ditu egunok Arrasateko borrokalariak, baina loak hartu gabe, segituan dauka-eta WOW7 borroka jaialdia. Urriaren 29an izango da, Madrid Center-en, eta bertan batuko dira WOW etxeko borrokalari nabarmenenak: "Eta ondoren, Munduko Txapelketan jarriko dut fokua, hitzordu horretara %100ean iritsi nahi dut eta".

Ez sinisteko moduko urtea
Europako hitzorduak aukera eman dio Arrasatekoari atzera begiratua egiteko: "Lehen aipatu dut hasieran zapore gazia utzi zidala finalerako sailkatu ez izanak. Baina gero, lasaiago, konturatzen zara urtebetean zer lortu duzun. Iaz, ametsak baino ez nituen, eta orain, amets horiek gauzatzen nabil. WOW etxeko borrokalari bilakatu naiz, Espainiako selekzioarekin nazioartean lehiatu naiz jada, eta munduko txapeldunordeari hortzak erakutsi dizkiot. Baina lanean jarraitu behar dut".