Dantzak zahartzaroan dituen onurez ariko da Maialen Araolaza Kulturaten

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 6a, 15:23

Maialen Araolaza. (Argazkia: Dantzan.eus).

Portaloi elkarteak antolatuta, Dantzaren onurak zahartzaroan hitzaldia egingo du Maialen Araolaza eibartarrak urriaren 13an, eguena, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. Fisioterapeuta, ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea da Araolaza. Halaber, gorputz berreziketako hainbat metodotan aditua ere bada: pilates, mugimendurako anatomia, eta abar.

"Bizi itxaropenak gora eta gora egin ahala, zahartzaroko urte horiek guztiek osasunez bizitzea gure gizartearen eta agintarien ardura nagusietakoa bihurtu da. Osasuna jarduera fisikoari loturik, ibiltzea da jarduerarik ohikoena, baina hainbat aditu, gero eta ozenago, dantzaren onurak seinalatzen ari zaizkigu pertsonen osasun fisiko eta mentalean. Aditu horietakoa den Maialen Araolaza ekarriko dugu Kulturatera", adierazi dute antolatzaileek.

Eibartarra fisioterapeuta da ogibidez, eta goi mailako kirolariekin eskarmentu handia du. Halaber, dantzan eta musikan ere aritua da.

Euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu zituen EHUn defendatu zuen doktore tesian. Era berean, Bilbao Musikan dantza tradizionala irakasten zuen Patxi Labordaren hainbat ikasleren jarraipena egin zuen, dantza egiteak haien funtzioetan zer nolako ondorioak dituen neurtuz.

Ikerketaren emaitzak 2020ko uztailaren 17an defendatu zituen, honako testi honetan: Dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsorio-motore eta neuropsikologikoak adineko emakumeetan.

Arrasaten emango duen hitzaldian osasuna eta dantza ezin hobeto uztartzen direla azalduko du Maialen Araolazak, bai gazteengan eta baita pertsona nagusiengan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak