Maritxu Kajoi indarkeria matxistarik gabeko jaia izan dadin

Hasier Larrea 2022ko urr. 3a, 13:57

Berdintasun Saileko batzordeburu Johanna Sanchez eta Emakume Txokoko teknikari Amets Beltran de Gebara.

Eraso sexisten aurrean, informazioa, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta eskainiko dituzte Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak, 24 orduko arreta telefono zerbitzuaren eta Arbolapetako indarkeria sexistarik gabeko gunearen bitartez.

Aurten, San Juan jaietan hasitako bideari jarraituz, Berdintasun Saila, Arrasateko Mugimendu Feminista, Txosna batzordea eta Maritxu Kajoi Komisiñuaren arteko elkarlanari esker, Maritxu Kajoi egunean eman daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko baliabideak eskura izango ditu jaiaz gozatu nahi duen orok.

Ostiral honetan, arratsaldeko seietatik aurrera egongo da martxan 688 80 91 37 telefono bidezko arreta zerbitzua, zapatuko goizeko zortziak arte. Zerbitzu horren helburua da "jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta eta laguntza" eskaintzea.

Bestetik, Arbolapetan karpa bat zabalduko dute 18:00etatik 00:00ak arte. Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira gerturatu nahi duten emakume eta neskak artatzen. Hala, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasoko dituzte, eta, horretaz gain, elkartasun eta babes espazioa ere eskainiko dute.

Indarkeria sexisten aurrean artapen-telefono zenbakien informazioa ere zabaldu du Udalak: Emakume Txokoa (943 79 41 39), Udaltzaingoa (943 25 20 10), Gizarte zerbitzuak (943 25 20 07), Larrialdiak (112) eta EAEko 24 orduko telefono arreta zerbitzua (900 84 01 11).

"Ez, ezetz da!"

Komisiñuak ohartarazi du amabirjinak ez duela inongo erasorik onartuko, Ez, ezetz da! lemapean. "Kajoiaren mugak normak" direla argi adierazita, "matxismo eta matxiruloak kajoira" joateko deia zabaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak