"Oso erantzun ona" izaten ari da Pertsona Nagusien Astea

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 30a, 11:42

Astelehenean abiatu zuten Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatutako aste osoko egitaraua eta, orain arte emandakoarekin "oso pozik" azaldu da Pili Iriarte kontseiluko presidentea. Oraindik, gainera, badituzte hainbat ekintza aurretik.

Asteleheneko mahai-ingurua "oso interesgarria" izen zela aitortu du Iriartek, eta Kulturate lepo bete zen, gainera, solasaldiaz gozatzeko. Martitzenean ere "bisita ugari" izan zituzten BAZen, erretiratuen elkarteetako kartel erakusketan.

Eguaztenari dagokionez, Seber Altubeko azokan lau erretiratuen elkarteetako ordezkaritza egon zen. Hala ere, "nahiko jende gutxi" ibili zen. Arratsaldean, ordea, Kulturate jendez bete zen osasungintza publikoari buruzko hitzaldia entzuteko.

Sasoibidekoen eskutik, bestalde, ipar martxako hastapen ikastaroak egin dituzte Monterronen eta atzo, eguena, ibilaldi berezia ere egin zuten. Era berean, Iturbide egoitzakoekin irteera egitekoak ziren baina, eguraldi bustia zela-eta, bingoan aritu ziren, eta Arizmendi Ikastolako erizaintzako ikasleak ere egon ziren.

Orain arteko balorazioa, beraz, "oso positiboa" da. "Asko eskertzen diegu arrasatear guztiei gure ekintzetan parte hartu izana. Oso pozik gaude", azaldu du Iriartek.

Bihar, egun handia

Edozelan ere, orain ez da bukatu eta badituzte ekintza batzuk aurretik. Gaur, 12:00etan, ostalaritza tailerra egingo dute Sartei tabernan eta bihar, zapatua, emango diote amaiera egitarauari. Izan ere, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da bihar eta manifestua irakurriko dute 12:30ean. Ondoren, 13:00etan, Herriko Plazan, Puro Relajo taldeak joko du. 19:00etan, Portaloian, Trio Medianocheren txanda izango da. Azkenik, 20:30ean, Arbolapetan, The Song taldeak egingo du emanaldia. Hori bukatzean, urdaiazpikoa dastatzeko aukera ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak