Julen Berrocal: "MU jokalari onak dituen taldea baino gehiago da"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 30a, 13:00
Julen Berrocal, domekan Iturripen.

Euskal Kopan nahi baino lehenago kanporatu dute talde arrasatearra, baina entrenatzaile durangarra baikor dago ligara begira: "Aurrean egon nahi dugu". Hala, nahiz eta etxeko taldea ez egon, Ointxe!-k izango du asteburuan Lauko Finala Iturripen antolatzeko ardura.

Ofizioz irakaslea eta afizioz saskibaloi entrenatzailea da Julen Berrocal (28 urte) durangarra. Jokalari moduan kirol ibilbide ia osoa Tabirakon egin eta gero, Barrocalek Zornotza STn, Tabirako STn eta Ibaizabalgo emakumezkoen taldean jardun du orain arte. Udan, oporretara joan zen pentsatzen saskibaloi entrenatzaile lanetik arnas apur bat hartu behar zuela, atseden hartu behar zuela, baina uda amaieran Ointxe!-k egindako proposamenari ezin izan dio ezetzik esan. Domekan, Euskal Kopatik kanporatu berri (85-88), tartea hartu zuen GOIENArekin egoteko.

MUko entrenatzaile berria gertuagotik ezagutzea da elkarrizketa honen helburua...

Bada, oso pertsona normala naiz, lagunekin egotea gustuko duena, entrenatzea izugarri maite duena...

Zer dela-eta onartu duzu Ointxe!-ren eskaintza?

Egia da azken urteak entrenatzaile ibili naizela, eta aurtengo denboraldira begira nire asmoa zen arlo horri atseden apur bat ematea eta beste esparru batzuetan zentratzea. Ez zegoen nire asmoen barruan lehenengo taldeko entrenatzaile izatea, eta lasai ibili naiz udan. Baina duela hiru aste inguru Ointxe!-ren deia jaso nuen, eskaintza oso polita egin zidaten eta ezin izan nuen ezetzik esan.

Ezagutzen zenuen kluba...

Bai, bai, urteak egin ditut Ointxe!-ren kontra jokatzen; kontrario moduan ezagutzen nuen kluba, eta orain, esan dezaket plazera dela klub honetako parte izatea.

Zer topatu duzu Arrasaten?

Oso talde kohesionatua. Lehenago ere banekien MUk zer-nolako mailako jokalariak dituen; esaten badut hemen talentu handia dagoela ez dugu ezer berririk deskubrituko. Baina lagun talde batekin egin dut topo; talde izaerari sekulako garrantzia ematen diot nik, eta horixe aurkitu dut, talde-lanean jarduteko prest dagoen kuadrilla bat da MU.

Zein da zure erronka?

Denboraldiaurrean nire erronka nagusia izan da jokalariei poliki-poliki erakustea zelan gustatuko litzaidakeen taldeak jokatzea, eta horretarako baliatu ditugu orain arteko entrenamendu saioak, gure estiloa definitzen joateko. Alde horretatik, gauza berri asko sartu ditugu, arau berriak, jokaldi berriak ikasten... Bai erasoan eta bai defentsan ari gara lanean. Egia da denboraldiaurrean ere irabazi egin nahi izan dugula, eta Easoren kontra eta Tabirakoren kontra ez dugu halakorik lortu, Euskal Kopatik kanpo geratu gara. Baina ondo ari gara lanean.

Ligara begira, zein da taldeak duen helburua?

Klubaren helburua da anbizioz jardutea, eta, garbi esanda, ligan aurrean egon nahi dugu. Oraindik lana geratzen zaigu egiteko, jokalariek gauza gehiago barneratu behar dituzte, guk ere hobeto ezagutu behar ditugu jokalariak, baina bai, ligan ahalik eta gorenen egon nahi dugu.

Ordezkaritza bako lauko finala

Euskal Kopako lauko finala Iturripen jokatuko dute asteburuan, baina zale arrasatearrek ezingo dute etxeko taldea kantxan babestu, Berrocalen mutilak dagoeneko kopatik kanpo geratu dira eta. Izan ere, joan den domekan, arrasatearrek 85-88 galdu zuten Tabirakoren kontra, eta Santurtzi ere Iturripen jokatuko duten fasetik kanpora geratu da, joan den zapatuan Fundacion Bilbao Basketen kontra 60-79 galdu ondoren. Hori horrela, Tabirako Baque, Fundacion Bilbao Basket, Getxo eta Gipuzkoa Basket Easo taldeen artean jokatuko dute lauko finala. Zapatuan (16:30), Tabirako Baque eta Fundacion Bilbao Basket izango dira aurrez aurre, eta jarraian jokatuko dute bigarren finalerdia Getxok eta Gipuzkoa Basket Easok (18:30). Finala, berriz, domekan jokatuko dute (16:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak