Garabiderekin batera ari dira Meridako (Mexiko) hainbat udal ordezkari eta hizkuntzen institutuko kideak euskararen eta tokiko komunikabideen alorra aztertzen.
Atzo Donostian izan ziren, Yucataneko maia hizkuntza sustatzeko gakoak identifikatzen, eta, gaur, Goiena bisitatu dute; izan ere, Meridan hedabide bat sortu nahi dute maia hizkuntzan. "Goiena ezagutzea nahi zuten, bertan antzeko zerbait egiteko. Errepaso bat egin dugu: kooperatibak zer diren, udaletxeek zein inplikazio duten... Ideiak hartu dituzte", azaldu du Iban Arantzabal zuzendariak.
Horrez gain, elkarlanaren eta harremanen garrantzia azpimarratu du Arantzabalek: "Ilusioa ikusi dut maia hizkuntzan produktu komunikatibo bat egiteko. Gure laguntzak horretarako balio izan badu, oso pozik geratzen gara (...) Guk beti ikasten dugu kanpotik datozen bisitekin, eta, kasu honetan bezala, hizkuntza langai hartuta datozen bisitekin oso errez egiten dugu bat".
Gaur #Arrasate inguruan gabiltza Mexikoko #Merida hiriko delegazioarekin.
— Garabide (@garabide) September 27, 2022
❓ Posible da tokiko komunikabide #multimedia bat sortzea, #hizkuntza gutxitu batean, komunitatean eta komunitatearentzat? @goiena-n begi bistakoa da baietz eta @iarantzabal-ek, gainera, azaldu digu nola. pic.twitter.com/7J50qc9lxK