Lan akordioa sinatu dute lorezainek eta Prezero enpresak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 23a, 12:52

Gaur eguerdian egin dute prentsaurrekoa, akordioaren berri emateko.

70 eguneko grebaren ondoren, Arrasateko lorezainek eta Prezero enpresak lan akordioa sinatu dute gaur, egubakoitza. "Arrasateko Lorezaintza zerbitzuan lan egiten duten langileen lan-baldintzak duintzea lortu dugu", azaldu du Ana Sebalek, LABeko ordezkariak.

Akordioaren edukiak honako hauek dira, besteak beste: urteko lanaldia murriztu (50 lan ordu gutxiago urtean), ordaindutako baimenetan hobekuntzak, langileen soldaten arteko parekatzea hainbat plusen bitartez, "orain arte langileen artean zegoen diskriminazioa ezabatuz" eta KPIak izandako igoerako soldatetan eragina izango du, "eros ahalmena bermatuz", Sebalen esanetan. "Hau guztia Espainiako lan erreforma ekiditeko klausula bereziekin", gaineratu du.

LAB sindikatuak langileak zoriondu ditu. "Erakutsitako duintasunak eta borrokak akordioa lortzeko balio izan duelako". Horrez gain, Arrasateko herria ere zoriondu du. "Norbanako zein talde, eragile eta kolektiboei, lehen egunetik gure aldarrikapenekin bat egin duzuelako, langileoi babesa eta elkartasuna adieraziz. Grebaren egun bakoitzaren zuen indarra sentitu dugu. Eskerrik asko!".

Aste honetan, aurrerapauso handiak

Negoziazio mahai bat sortu dute hiru aldeek aste honetan: Prezero enpresak, lorezainek eta Udalak. Hasieran enpresaren jarrera akordioaren aurkakoa bazen ere, negoziazio mahaiak eman ditu bere fruituak eta gaur goizean sinatu dute, esan moduan, aipatutako akordioa.

Borrokan jarraituko dute

Akordioa lortu arren, Sebalek adierazi du haien lana ez dela hemen amaitzen. "Azpikontratazioaren ondorioz, zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku geratzearen aurka azalduko gara, honek dakarren prekarietatea behingoz amaitzeko. Langile guztien duintasun eta berdintasun baldintzak berma ditzaten lanean jarraituko dugu. Hitzarmen estatalek arautzen dituzten lan baldintzak hobetzen jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak