Artista gazteen eskulan sorta ikusgai Kulturaten

Hasier Larrea 2022ko ira. 23a, 09:15
Camilo Tonon, Nagore Chivite eta Sara Ayesa, Kulturateko klaustroan, asteon, erakusketa muntatzen (Argazkia: Under Grass).

Gaur, ostirala, 19:00etan, inauguratuko dute Under grass erakusketa klaustroan, eta urriaren 21era arte egongo da irekita. Sara Ayesak, Nagore Chivitek eta Camilo Tononek egin dituzte, hainbat diziplina uztartuta, artisautzarekin lotuta dauden lan artistikoak.

"Erakusketa bitxia eta elkarketa kuriosoa" da, Nagore Chivite artistaren esanetan, Kulturateko klaustroan hilabete osoan bisitatu daitekeen egitasmoa. Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Eremuak proiektuaren baitan, Harriak izeneko programan kokatzen da Under grass, arte garaikidea espazio berrietara hedatzea izanik helburu nagusia. "Erakusketak Erkidegoko hirietara baino gehiago, herrietara eramatea du xede ekimen horrek, eta baldintzen artean daude, esaterako, bertan parte hartzen duten artistak ez errepikatzea, gutxienez, hiru urteko epean", gaineratu du Chivitek.

DOMEKETAN ETA URRIAREN 7AN ETA 8AN IZAN EZIK, EGUNERO EGONGO DIRA KLAUSTROKO ATEAK ZABALIK, 17:30ETIK 20:30ERA

Gazteak, lehen lerrora

Hala, Eremuak proiektuak "ikusgarritasuna" ematen die arte ederren ikasketak burutu dituzten euskal gazteei, baita baldintza duinetan lan egitea ere. "Dirulaguntza jaso dugu Under grass garatzeagatik; normalean, erakusketetarako materiala prestatzerakoan, lanak garraiatzeagatik bakarrik ordaintzen digute; beraz, badago aldea", zehaztu du.

Diziplinen nahasketa

Sara Ayesak, Camilo Tononek eta Nagore Chivitek lehen aldiz egin dute lan batera, eta bakoitzak bere espezialitatearekin zerikusia duen ekarpena gehitu dio osotasunari. "Sarak pintura lantzen du, bereziki, Camilok soinua eta diseinua, eta nik figuratxoak eta marrazkiak", azaldu du azken horrek. Belaunaldi gazteen joerak ikusita, baten batek pentsa dezake teknologia berriak erabili dituztela artelanak diseinatzerakoan: "Baina ez dugu ezertxo ere egin modu digitalean, dena margoz, josiz edota eskuz gauzatu baitugu; bisitaria lehen begiradan jabetuko da eskulanak direla". Iñigo Villafrancak idatzitako testu kritikoak ematen ditu proiektuaren prozesu eta asmoei buruzko pistak.

Gai aldetik, hiru kideen arteko elkarrizketa "inozoetatik" sortu dira ideiak, "zerbait ezkutatzen duten kontuetatik", eta, gauza batek bestera eramanda, "belarraren kontzeptuak" egiten du lotura elementu guztiekin: "Horregatik jarri diogu Under grass izena erakusketari".

Urriaren 12an, kontzertua

Ikuskizun bat ere egingo dute, urriaren 12an, Iker Ruiz de Apodaka izanik musikari gonbidatua: "Iaioa da bat-bateko musika sortzen, sintetizadoreak erabilita". Hitzordura bertaratzeko gonbidapena luzatu du Chivitek, baita gaur arratsaldeko inaugurazio ekitaldira ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak