Domekan egingo dute Arrasateko enduro lasterketaren bosgarren edizioa, eta, 07:30ean hasita, 173 pilotu abiatuko dira Arruena parketik, banan-banan, antolatzaileek proposatutako zirkuitua egitera –31 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa–. Aurten, jaitsiera bat gehiago egingo dute, bost, baina zirkuituko lokatz kopuruak baldintza dezake azken jaitsiera hori egitea edo ez. Bost jaitsiera horietako bi sekretupean gordeko dituzte antolatzaileek, eta, horietako bat egiteko pilotuak Anporretatik eta Bakuetik apur bat urrundu beharko direnez, hori da zalantzan dagoen jaitsiera. "Joango gara erabakitzen bosgarren jaitsiera hori sartu edo ez.
Pilotuek ordu eta erdi gehiago beharko dute jaitsiera hori egiteko, eta, oso eguraldi txarra badago, ez dugu sartuko, ez du merezi goiza behar baino gehiago luzatzea, horrek ez du lasterketa hobetuko", dio Asier Rosadok. Hala, pilotuek zapatua baliatuko dute bost jaitsiera horietako hiru entrenatzeko: "Aurrera genezakeena da Anporreta eta Bakue inguruetan daudela, gutxienez, hiru jaitsiera. Besteak non dauden ez dugu aurrez esango. Eta aurreikuspena da sari banaketa ekitaldia 15:30 aldera egitea". Ondoren, parrillada egingo dute.
Pozik parte-hartzearekin
Antolatzaileek egindako lanak erantzun ona izan du: "Espainiako txapelketa Arrasaten antolatu genuenean baino hogei pilotu gutxiago izango ditugu, eta hori datu ona da. Alde horretatik, gure kasa ibili gara lasterketa antolatzen, eta eskertzen da. Horrekin batera, nabarmentzekoa da kadete mailako hamazazpi pilotu izango ditugula –13 eta 16 urte bitarteko gazteak–; horrenbestez, kirol hau gazteen artean ere zabaltzen dabil".