2017ko irailean, Arrasateko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek osatutako Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiak Intxorta 1937 Kultur Elkarteari agindu zion 1936-1956 aldian udalerrian gertatutakoari buruzko memoria bat egiteko: Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa.
Intxorta 1937 Elkarteak hainbat hamarkadatan egindako lanak, ikerketak eta bestelako argitalpenak hartzen ditu oinarri liburu horrek. Espainiako diktadura eta Primo de Riveraren Monarkia erori eta Errepublika ezarri zen garaia abiapuntu hartuta.
"Udalerriaren historia berreskuratzeko eta gertatutakoa ezagutarazteko asmoz", beste pauso bat eman dute, liburuaren bigarren edizio bat eginez, herritar askoren testigantza berriekin osatuta. Modu horretan, 100 bat orrialde gehiago ditu orain idazlanak. Liburua modu digitalean irakur daiteke www.arrasate.eus eta www.intxorta.org webguneetan eta irailaren 26an formatu fisikoan eskuratu ahal izango dira.