2018tik dago martxan Eibarko Hizkuntza Eskolako Arrasateko gela desplazatua. Orduko hartan, Arrasate Helduen Eskolan (HHI) kokatu ziren gela desplazatuak. Pandemia garaian, HHIn lekurik ez zegoela eta, Udalak hitzarmena sinatu zuen Debagoieneko Mankomunitatearekin, eta bertako gela bat erabili izan da klaseak emateko.
Udal Gobernuak "hasieratik" hartu zuen Hizkuntza Eskola Ofiziala "leku egokian" kokatzeko konpromisoa. Hala, Arimazubiko lokalak egokitu dituzte horretarako. Beraz, 2022/2023 ikasturtea hor hasiko dute ikasleek eta ingelesa eta alemana ikasteko aukera egongo da, astelehenetan eta asteazkenetan, irailaren 26an hasita.
Edozein zalantza argitzeko, bertaratu Arimazubi plazako eskola berrira, deitu 943 89 92 75 telefono zenbakira edota idatzi eoieibarheo@gmail.com helbidera.
Udal Gobernuaren nahia "hizkuntza ikasteko aukera Arrasateko zein inguruko herrietako biztanleei hurbiltzea, eta horretarako erraztasunak ematea" izan da. Bide horretan, Edurne Unamuno Hezkuntza zinegotziak zera nabarmendu du: "2008az geroztik Goieskolak lan ikaragarria egin du Hizkuntza Eskola Arrasatera ekartzeko, eta Udalak benetan eskertzen du hori. Guztion artean lortu dugu".