Datorren asteko eguenean –irailak 29–, 19:00etan, aurkeztuko dute Kulturateko areto nagusian Maria Teresa Telleriaren Sin permiso del rey liburua. Arrasateko Udal Bibliotekak eta Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatu duten ekitaldi honetan, Maria Teresa Telleriaren lagun Mariasun Landa idazlea izango da aurkezpenari ahotsa ematen, eta emakume biak entzuteko aukera egongo da bertan.
Maria Teresa Telleria idazlea Telleria farmaziako familiakoa da eta Madrilgo Lorategi Botanikoko zuzendari aritu da lanean. Gainera, espedizio zientifikoetan asko bidaiatu duen emakumea da; Afrikara eta Latinoamerikara, besteak beste. Horregatik, Bibliotekako arduradunen hitzetan, plazera izan da bi emakume hauek gonbidatzeko aukera eduki izana, eta liburuaren aurkezpena herritarrentzat aberasgarria izan daitekeela uste dute.