Jaio da 'Hazia', eta hunkitu ditu ikusleen bihotzak

Miren Arregi Amasorrain 2022ko ira. 18a, 12:34

Atzo estreinatu zuten Arrasateko Amaia Antzokian, Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren irakaspenak oinarri dituen musikala. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eta Gontzal Mendibil musikariak sortutako ikuskizunak, kalitate maila altuko musikaz, dantzaz zein antzerkiaz gozatzeko aukera ematen du. Gaur ere 19:00etan eskainiko dute ikuskizuna, Amaia Antzokian.

Elkarlanaren balioa da Jose Maria Arizmendiarrietak bultzatutako balioetako bat eta 'Hazia' ikuskizunak erabat irudikatzen du balio hori.  Musikariak, abesbatzakoak, antzezleak, dantzariak, teknikariak... guztien arteko elkarlanaren batura ederra da.

Jose Maria Arizmendiarrietaren umezaroan hasten da kontakizuna eta ikusleak oso ondo ulertzen du bere bilakaera pertsonalean familiak zein irakasleek izan zuten pisua. 1936ko gerran bizi izandakoak, 1941ean Arrasatera iritsi zen garaiko kontuak, emakumeen formazio eta laneratzean egindako ekarpena eta kooperatiben susperraldira begira erein zuen hazia dira kontakizunaren funtsa.

Arizmendiarrietaren ametsak, lanarekiko eta gizartearekiko zituen konpromisoa eta berak gorpuztutako arau eta baloreak poesia eta musika eran jaso ditu Gontzal Mendibilek. Hori horrela, musikalak kantu bidez eta aipaturiko beste diziplina artistikoen bitartez azaltzen du Mondragoeko kooperatiben sortzailearen bizitza.

Ikusleen emozioa

Atzoko estreinaldian izan ziren kooperatiben mugimenduko ordezkariak, erakunde publikoetakoak, Arizmendiarrietaren senitartekoak eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartekoak, besteak beste. Mondragoneko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidente Leire Mugerza hunkiturik azaldu zen emanaldiaren bukaeran: "Asko irakurri dugu Arizmendiarrietaz baina gaur sentsazioa dut bizipenetatik eta emoziotik ezagutu dudala. Ikaragarria koreografia, musika... Eta nabarmenduko nuke baita ere etorkizunera begiratzen laguntzen gaituzten mezuek ere duten garrantzia. Horrek indartu egiten du kooperatibagintzan sortu zuen guztia".

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko Lourdes Idoiaga ere hunkiturik zen bukaeran, ikuskizunak izandako harrerarekin pozik: "Beldur handiarekin ibili gara, badakigu-eta gaur egun zein harrera egiten diegun kultur proposamenei. Baina, oso pozik gaude, harrera ezin hobea izan da. Biharko ere sarrerak saldu egin dira eta egia esan ikuskizun borobila atera da".

Erlazionatuak

'Hazia' ikuskizuneko argazkiak

Miren Arregi Amasorrain 2022 ira 18 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak