ELA sindikatuak Arrasateko Aita Menni ospitaleko eta kanpoko zentroetako langileak grebara deitu ditu hilaren 19tik 23ra –datorren astelehenetik egubakoitzera–.
Ekainean bildu ziren azkenengoz enpresa eta sindikatuak, eta ELAren eskaerak "langileen erosahalmena bermatzea" eta "kontratazioak erregulatzeko neurriak lortzea" izan ziren, besteak beste. "Enpresak betiko posizio egonkorrarekin jarraitzen du eta ez du negoziatu nahi: euren interes ekonomikoak lehenetsi nahi ditu, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatearen aurretik. Hori guztia administrazio publikoaren babesarekin", salatu du sindikatuak.
Horri lotuta, ELAk ohar bidez adierazi du Aita Menni taldeak azken bost urteetan 4 milioi euroko irabaziak izan dituela eta azken urtean 10 milioi euro gehiago inbertitu dituela obrak egiteko: "Aita Menniren egoera finantzarioa ezinhobea da. Gainera, bertan eskaintzen den zerbitzuaren gehiengoa Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Estatuko Barne Ministerioak finantziatzen dute".
Langile gehiago kontratatzea (erizainak, erizain laguntzaileak, osasun mentaleko profesionalak...) eta lan baldintzak hobetzea dira sindikatuaren eskaeretako batzuk.