Aurten ere, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako Arrasaten bertakoak dantzan programa jarriko dute martxan Arrasateko Udaleko Gazteria eta Aniztasuna sailek elkarlanean. Iaz moduan, Kala elkarteko Bash taldeak dinamizatuko ditu saioak eta bi egingo dituzte hilabete bakoitzean, zapatuetan. Bi ordukoak izango dira, 11:00etatik 13:00etara, Etxaluzeko Axeri gelan. Gainera, hainbat kolektibo eta sektoretako artistak gonbidatuko dituzte, "ezagutzak partekatu eta gauza berriak ikasteko asmoz".
Bigarren edizio honetan ere helburua ez da aldatu eta gura dutena da parte-hartzaileek dituzten aukerak talentuen bidez eraldatzea, horretarako sormen eta mugimendu espazioak sortuz.
Hori dela eta, askotariko dinamikak erabiliz, aniztasun funtzionala duten pertsonen sormena eta askatasuna bultzatzen dute saio horietan; musikaren laguntzarekin, betiere. "Mugimendua eta gorputz adierazpena dira osagaiak, bakoitzaren beharrak eta nahiak errespetatuz. Hala, jolasaren bidez ikastea eta prozesuan ondo pasatzea da helburua", azaldu dute dinamizatzaileek. "Izan ere, aniztasun funtzionala dutenek ez daukate, oro har, horrelako tailerrik; haurrek eskola kirola duten moduan, esaterako. Horregatik, beharrezkoak dituzte haien beharretara egokitutako dinamika eta saio hauek, sormena lantzeaz gain, gorputz adierazpena ere lantzen baitute".
Sormena baino askoz gehiago
Horrez gain, zeharka, beste arlo batzuk ere garatzen dituzte, hala nola talde-lana, gazteen ahalduntzea, sozializatzeko espazioak sortzea, lehiakortasuna alde batera utzi eta partaidetza bultzatzea eta abar.
Dinamizatzaileek onartu dute parte-hartzaileei hasieran kosta egiten zaiela taldean murgiltzea eta taldeko dinamikan sartzea, baina, behin lotsak alde batera utzita, oso pozik joaten direla saioetara. "Era berean, guri ere transmititzen digute haien energia eta indarberrituta itzultzen gara saioetatik", gaineratu dute.
Izen-ematea zabalik dago
Ateak zabalik dituzte iaz parte hartu zutenez gain parte-hartzaile berriak ere jasotzeko. Hori dela eta, izena ematera animatu gura izan dituzte. Beraz, saioetan parte hartzeko interesa daukatenek Arrasateko udal webgunean daukate horretarako aukera. Datorren egubakoitza baino lehen egin beharko da hori –irailak 23–.