Urriko lehenengo asteburuan hasiko dute Lehenengo Nazional mailara igo berri diren Mondragon Unibertsitateko neskek liga. Eta, lehen jardunaldirako baliagarria izan daitekeen azterketa izango dute domekan (18:00, Iturripe) Araskiren kontra. Euskal Kopako partidua izango da domekakoa, kanporaketa eran jokatuko dute eta arrasatearrek euren maila orain momentuan zein den ikusi ahal izango dute: "Kasualitatez, Araskikoen kontra hasiko dugu liga, eta bai, domekako partidua erreferentzia moduan balekoa izan daiteke. Egia da denboraldi hasierako partiduak arraroak izaten direla, emaitzak ez direla oso koherenteak izaten, baina Araski iazko liga txapelduna da, eta non gauden erakusteko balioko digu partidu horrek", adierazi du Iñaki Ogara Arri entrenatzaileak.
'Feeling' onarekin dabiltza
Denboraldiaurrean egindako lanarekin pozik dago entrenatzaile arabarra: "Feeling onarekin gabiltza, denboraldiaurrean lau partidu jokatu ditugu eta hiru irabazi. Santanderren jokatutako lehenengo lagunartekoa irabazi egin genuen, eta Barakaldon jokatutako beste hiru partiduetako bi ere irabazi egin genituen. Uda osteko aste hauek gogorrak izaten dira, baina taldekideak lan handia egiten dabiltza eta sentsazio onak ditugu ligara begira".
Esan moduan, Euskal Kopa izango da, domekan, moreendako hurrengo azterketa: "Aurten emakumezkoen torneoa partidu bakarrera da, horrenbestez, ezingo dugu akatsik egin. Zozketa bidez egokitu zaigu gure etxean jokatzea, Iturripen, eta ea Araski moduko talde baten kontra jokatuta ere aurrera egiteko kapaz garen. Egia da norgehiagoka galduz gero aukera txiki bat egongo litzatekeela Kopan jarraitzeko. Izan ere, multzo bakoitia denez, bigarren aukera bat izan dezakegu".
EBAko Euskal Kopako finala, Iturripen
Urriaren 1ean eta 2an jokatuko dituzte EBA mailako Euskal Kopako finalak, eta Ointxe! klubak aurreratu duenez Arrasateko taldeak hartuko du final horiek antolatzeko ardura. Bada, MUk ez du kopa ondo hasi. Moreek Easoren kontra galdu egin dute lehen jardunaldian (77-69).