Zapatuko azokan, pizza tailerra egingo dute bertako tomatearekin

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 13a, 11:23

Hilabeteko hirugarren zapatuetan egiten den azoka hartuko du aste honetan Seber Altube plazak. Bertako eta sasoiko produktuak izango dira izarra, baina, oraingoan, gaztetxoei zuzendutako ekintza interesgarria ere egongo da: pizza egiten ikasteko tailerra.

Arrasateko udalak tomate sasoia aprobetxatuz, pizza egiten ikasteko tailerra antolatu du bertako produktuen azokan. "Azokako produktuak erabiliz egingo dute pizza. Bertan prestatuko dute, eta etxean egiteko eramango dute", azaldu dute antolatzaileek.

Ikastaroa 11:00etan izango da, eta 6 urtetik gorako gaztetxoei dago zuzenduta. Bertako eta sasoiko produktuak sustatzen dituen Ortutik Ahora elkartea izango da tailerra emango duena. 943 25 20 00 telefonora deituta edo izenemateak.arrasate.eus helbidera idatzita eman behar da izena.

Bestetik, ohi bezala, bertako produktuen azoka 9:00etan hasiko da eta 14:00ak arte egongo da Seber Altube plazan. Barazkiak, fruta, eztia, ogia, gozoak, artisauek egindako produktuak eta beste asko egongo dira herritarren eskura. Gainera, erosketa-tiketarekin, otarre eder baten zozketan parte hartzeko aukera egongo da eta baita Biteriko aparkalekuan bi orduz doan aparkatzeko aukera ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak