Iazko parte hartzea erdira mugatu ostean, aurten 300 mendi txirrindulari inguruk parte hartuko dute Mondranbike-n. Ohiko kopurua berreskuratuko dute, beraz. Mikel Bergara Beraka antolatzaileak adierazi du dagoeneko "200 txirrindulari inguruk" eman dutela izena. Ostegunean, 12:00etan, itxiko da izen-ematea, baina 300 baino gutxiagok izena eman badute, zapatuan bertan, 09:00etan Biteri plazan, eman ahalko da izena: "Hala ere, komeni da Mondranbike-n sare sozialetako publikazioei adi egotea".
Hori esanda, gutxienez erdi mailako zailtasun teknikoa duen itzulia izango da Arrasateko urteroko MTB martxa: "Aukera ugari eskaintzen ditu, hein batean, Arrasate inguruko mendietako bidexkak mantentzeaz arduratzen den pertsona talde bat dagoelako", azaldu du Beraka-k.
Zehazki, hiru ibilbide egongo dira aukeran: ertaina –30 km eta 1.000 metroko desnibela–, luzea –38 km eta 1.300 metroko desnibela– eta extreme delakoa –43 km eta 1.600 metroko desnibela–. Biteri, Garagartza, Arteaga, Kobate, Txukurrilo –ertaina ez–, Udala, Erguingo mojen egoitza, Meatzerreka, Anporreta, Musakolako kiroldegia –anoa postua–, Etxezarreta, Bakue, Zubilaga, Galarrixa –luzea eta ertaina ez– eta Bedoñatik pasako da aurtengo Mondranbike. Nobedade modura, Arizmendiarrieta plazan paella jana egingo dute eguerdian, "girotxoa sortzeko eta nekatuta datozenek indarrak berreskuratzeko".