Domeka eguerdian, senior mailako Arrasate eskubaloi taldearen eta Gure Auzuneren arteko partidua aitzakia ezin hobea izan zen klubean arrastoa utzi duten bost lagun omentzeko –denek ez dute agur esango–. Hala, Patxi Garciak bost urte egin ditu lehenengo taldea zuzentzen, 2017an iritsi zen taldera eta hasieratik adierazi zuen talde arrasatearra zuzentzea "erronka serioa" zela. Bada, Ane Herreroren eskutik jaso zuen urte hauetan guztietan batutako une esanguratsuekin osatutako argazki koadroa.
Harekin batera, taldeko atea zaintzea zer den bi lagun ere omendu zituzten, etxeko klubean atezain jardunean ibili diren Asier Valle eta Iñigo Salterainek egungo atezainen eskutik jaso zuten oroigarria –euren elastikoekin egindako koadroa jaso zuten oroigarri moduan–. Eta klubean kategoria guztietatik pasa den Josu Herrerok eta senior mailan Elgoibartik etorri eta urte asko taldean egin dituen Iker Zubiaurrek ere jaso zuten errekonozimendua, egindako ekarpenarengatik. Hala, egun berezia, besteak beste, Josu Herrerorendako, aitaren izena daraman torneoan jaso zuelako errekonozimendua. Bada, opariak jaso aurretik harrobiko gazteek, eta Gure Auzuneko eta Arrasateko talde nagusiko jokalariek osatutako pasilloa gurutzatu zuten bost lagunek txalo artean, tarte batean ahaztuko ez duten egunean.
Domekan emaitza gutxienekoa bazen ere, etxeko taldeak 17-12 irabazi zion Gure Auzuneri, liga prestatzeko joateko baliatu zuten lagunartekoan.