Iraganeko esperientziak gogora ekartzea da tailerraren funtsa, eta horretarako euskal futbola izango dute ardatz. Narriadura kognitiborik gabeko adinekoek, narriadura kognitibo arina dutenek eta errehabilitazio-fasean hartutako kalte zerebrala duten pertsona helduek hartuko dute parte. "Urte hauetan, profesionalek diseinatutako eta gauzatutako ekimen honek dituen onurak egiaztatu ahal izan ditugu. Agerikoa da parte hartzen dutenen gogobetetasuna, eta gure profesionalek behin eta berriz egiaztatzen dituzte onura kognitiboak, afektiboak eta sozializaziokoak", azaldu du Mikel Tellaetxe Aita Menniko zuzendariak. Hiru hilabetetan, hamabi saio egingo dira.
Bestetik, Juan Maria Zorriqueta federazioko presidenteak berretsi du aurreko esperientzien emaitzekin "oso pozik" daudela: "Aita Mennirekin lankidetza-hitzarmena berritzea berri ona da, proiektua garatzen eta hobetzen jarraitzeko, eta, horrela, haien terapiaren kalitatea hobetzen lagunduko dieten pertsona eta kolektibo gehiagorengana iritsi ahal izateko".
57 elkarte, aukeran
Espainiako Futbolari Beteranoen Elkarteen Federazioak 57 elkarte ditu atxikita, eta horietako asko euskal klubak dira: hala nola, Real Sociedad, Athletic Club, Eibar, Sestao, Barakaldo CF eta Real Union. Aita Menniko parte-hartzaileek gustukoen duten taldeekin izan dezakete harremana.